Samurtasun urbanoa | Isabel Martín (2025)
“Samurtasun urbanoa” diziplinaz gaindiko behaketa- eta sorkuntza laborategia da, hirirako eskubidearen eta espazio publikoan sortzen diren zaintza- eta elkarbanatze-moduen ingurukoa. Proiektuak hirigintza eta poesia metodoak uztartzen ditu Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan gauza komunak kartografiatu eta kontatzeko. Emaitza artxibo poetiko irekia izango da, bai eta hiri-eremua pentsatzeko eta partekatzeko modu berriak probatuko dituzten mapak ere.
Isabel Martín (Huelva, 1986) arkitektoa eta poeta da. Bere ibilbideak, hirigintza eta lurraldetasuna sorkuntza literario eta performatiboarekin konbinatzen ditu, hirigintza feminista, jasangarritasun soziala eta prozesu komunitarioetan parte hartuz. “90.3 de vaciante” (2018) eta “Una cosa es una cosa y otra cosa es otra cosa” (2021) poema-liburuak argitaratu ditu, baita “ Cómo hacer letrillas” (2022, La Aventura de Aprender, Hezkuntza Ministerioa) gida pedagogikoa ere. Bere lana Cosmopoética, Vociferio, Gutun Zuria edo Poesía o Barbarie jaialdietan aurkeztu du. 2023an “Letrillas para otro habitar” egoiliar-lana egin zuen LABoralen (Gijón).
Sorkuntza eta esperimentazio prozesuaren emaitzak:
-
Samurtasun Urbanoaren zirriborro-definizioa:
Isabel Martín (Bilbo, 2025/12/11): “Samurtasun urbanoa da eguneroko zaintza, aitortza eta laguntza keinu multzoa, espazio publikoa bizigarri egiten duena. Hirigintzaren dimentsio afektiboa da: komunitatea eraikitzen eta eraldatzen duten loturak, presentziak eta elkarreraginak, bizitza posible egiten digutenak.” -
Samurtasun urbanoaren poesia artxiboko audioak:
Poema bakoitzak prozesuan landutako ikerketako parametro bat ordezkatzen du:
1) Samurtasun kolektiboa
2) Aitortza / Presentzia
3) Zaurgarritasuna edo laguntzaren beharra
4) Komunitatea / Elkarren trukea -
Prozesuaren eta emaitzen aurkezpen osoa
Wikitokin 2025eko abenduaren 11n egina, deskargatzeko PDF honek jasotzen du: kontsultatutako dokumentazioa eta erreferentziak, datu-bilketa fitxak, plaka bakoitzaren mapak eta zonifikazioa, bildutako datuen taulak, datu-analisien infografiak, baita sortutako poemak eta kantak ere. -
Artxibo poetiko-urbanoa
Deskargatzeko moduko PDF honetan mapen infografiak ageri dira, letratxoa eta poemetara nahiz kantetara lotzeko estekekin batera, Samurtasun urbanoaren analisiaren lau parametro espezifikoei dagozkienak: Samurtasun kolektiboa, aitortza/presentzia, zaurgarritasunarekin edo laguntzaren beharrarekin lotutako samurtasuna eta komunitatea/elkarren trukea. -
Lanaldiaren prozesuko argazkiak
-
Wikiriki 2025eko azken aurkezpenaren bideo laburpena (reel)
- Lanaldiaren prozesuaren laburpen-testua:
Egonaldi hau, “Samurtasun urbanoa kontzeptura hurbilketa” izenekoa, hirian eta espazio publikoan kokatutako ikerketa tekniko-artistiko prozesu gisa planteatu zen. Ikerketaren helburua izan zen samurtasun urbanoa aztertzea eta izendatzea, gertakari urbanoaren dimentsio erlazional, afektibo eta politiko gisa ulertuta. Abiapuntua ez zen definizio itxi bat izan, baizik eta intuizio bat: komunitatean bizitza garatzen dugun pertsonok eguneroko zaintza, aitortza eta elkarren laguntzako keinuak esperimentatzen ditugula, hiria bizigarri egiten dutenak, baina, hala ere, oso gutxitan izaten direla hirigintzako aztergai.
Lanen prozesua bi astetan garatu zen, parte-hartze behaketan oinarritutako metodologia baten bidez, Bilboko bi plazatan: Indautxun eta Mariaren Bihotza plazan. Datu-bilketa ahalik eta objektiboena izan zedin, behaketa egun eta ordu berdinetan egin zen: astelehenetan, asteazkenetan, ostiraletan eta igandeetan, 12:00etatik 13:00etara, 17:00etatik 18:00etara eta 20:00etatik 21:00etara.
Lanerako fitxek, azterketa-eremuaren zonifikazioaz gain, espazio publikoari lotutako hainbat aldagai jasotzen dituzte: hautemandako irisgarritasuna, nagusi diren igarobideak, hautemandako adin eta generoa, pertsonen zaintza-beharrak eta une horretako baldintza klimatikoak. Samurtasun urbanoaren analisi-parametrotzat hartu ziren zaintza-keinuak, aitortza, gatazken agerpena eta haien kudeaketa, bai eta komunikazio-formak ere. Parametro horiei esker, espazioaren erabilerak alderatu eta presentzia eta interakzioak neurtu ahal izan ziren, eta agerian geratu zen diseinu urbanoak, altzariek edo kontsumoaren logikek topaketa jakin batzuk errazten edo zailtzen dituztela.
Ikerketak ziurgabetasuna eta ziurtasunik eza bere metodoaren parte gisa hartzen ditu, eta prozesu zabalago baten lehen fase modura planteatzen da; prozesu horrek samurtasun urbanoaren eta metodologia beraren definizioaren eraikuntza irekia izaten jarraitzen du, eta lurralde-samurtasunaren nozioari ere erantzuteko asmoa du. Azterketaren geruza teknikoa arte-dimentsioak osatzen du, poesia eta kanta flamenkoak datuak esperientzia eta emozio partekatu bihurtzeko tresna gisa erabiliz.
Emaitzak artxibo poetiko-urbano baten sorrera ekarri du, gorputza, zaurgarritasuna eta esperientzia kokatua erdigunean jartzen dituena. Samurtasun urbanoa ez da hemen ezaugarri leun gisa ulertzen, baizik eta bizitza komuna eusten duen indar gisa, elkar behar dugula aitortzetik abiatzen dena.
Isabel Martín, Huelva, 2026ko urtarrila.
