Reshapek prototipoak partekatzen ditu artean aritzeko formak berriro imajinatzeko

Reshape proiektua elkarlaneko proiektua da, artearen munduan aritzen diren artistak, erakundeak eta pertsonak bildu dituena sektorean eredu berriak irudikatzeko. 2019. eta 2020. urteen zehar, Europako eta Mediterraneoaren hegoaldeko erakundeak eta eragileak bildu ziren zenbait aukera ikertzeko, zeinei esker inguru artistiko bidezkotara, jasangarriagotara eta solidarioagotara aurrera egin. Wikitoki, Sareanekin eta Karraskanekin bat, prozesuan parte hartu duen elkarteetako bat da, eta orain emaitzak modu irekian argitaratu berri dira.

Hauek dira Reshapek erantzun nahi izan dituen galdera batzuk: nola sustatu artearen balioa gizarte-egituran, zer-nolako papera izan dezake herritartasuna elkarrekin eraikitzean edo nola sortu barneratzaileak diren gobernantza ereduak. Hortik aurrera, parte-hartzaileek guztira bederatzi prototipo garatu dituzte, eskuragai daudenak erakundeek eta artistek eguneroko jardunbideetan moldatu eta bereganatu ditzaten.

The gamified workshop toolkit da argitaratutako proposamenetako bat, elkarrekin aritzen hasiko diren taldeentzat zuzenduta dagoen karta-jokoa. Jokoan zehar, parte-hartzaileek elkarlaneko proiektuetan agertzen diren estualdiei aurre egingo diete, horien arrazoiak ulertzeko eta solidaritatearekin harremana duten balioak sustatzeko asmoarekin.

Beste prototipoetako bat zera da: jardunbide gidaliburua inguru transnazionaletan lan egiten duten artistentzat. Gidak biltzen duen moduan, artista askok jasaten duten mugikortasun etengabeak alde baikorrak ditu, baina arrisku asko ere, hala nola, “berriari” edo “besteari” etengabe lehentasuna ematea, mugikorrak izan ezin direnen edo erabakitzen ez dutenen nekea eta bazterketa, ingurumenean duen eragina ahaztu gabe. Gidaliburuak arketipoak eta errituak erabiltzea proposatzen du aukerak bilatzeko.

Bestalde, arteak gizarte-egituran duen eraginaz bezainbatean, Value of art in social fabric da garatutako proiektuetako bat. Proposamenak etxe baten metafora erabiltzen du arte-ekosistemaren krisi puntuak antzemateko eta konponbideak proposatzeko. Proiektuan etxeko espazio bakoitzak elementu gatazkatsuak barne hartzen ditu: sarreran, zenbait erakundetan sartzeko nepotismoa eta pribilegioak; sukaldean, ezkutuak dauden botere-jokoak; eta egongelan, hizkera elitistaren aldeko lehentasuna, besteak beste.

Reshapen testuinguruan, eta gure inguruan antzemandako gabeziei aurre egiteko, Wikitokik, Sareanek eta Karraskanek Artoteka garatu dute. Proiektu hau arte-bitartekaritzarako plataforma da, artelanen mailegua proposatzen duena artea inguru etxetiarretara eramateko eta zenbait publikotara irekitzeko.

Reshapen emaitzak Reshape: a Workbook to reimagine the art world argitalpenean bildu dira, digitalki eskuragai dagoena eta hurrengo astetan paperean argitaratuko dena. Urtean zehar, prozesuan zehar sortutako emaitzak eta materialak ezagutzera emateko ekintzak burutuko dira ere.

Reshape proiektua bitartekaritzako 19 arte-erakundek bultzatu dute Europan eta Mediterraneoaren hegoaldean sektorea garatzeko. Europako Batzordearen finantzaketa izan du EBko Creative Europe programaren baitan.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *