Reshape eta Artistaren Estatutua, jardunbide artistiko jasangarriagoak birpentsatzen
Esparru artistikoan, lana eta prekarietatea lotura estua dute. Ekoizpen logikak, lanera heltzeko disparekotasunak eta lan-baldintza duinak lortzeko zailtasuna eguneroko oztopoak dira sektoreko profesionalentzat. Egoera berria ez izan arren, zailtasun horiek nabariagoak izan dira azken urte eta erdian.
Irailaren 8a, Wikitokin jardunaldi bat antolatu zen, zeinean arazoak mahaigaineratu ziren eta jardunbide zuzenagoak esploratzen dituzten proposamenak partekatu ziren. Topaketan, Art in Social Fabric eta Artoteka proiektuen emaitzak aurkeztu ziren, Reshape ekimen europarraren baitan garatutako prosomenak. Hartatik aurrera, artearen munduko lan-baldintzei buruzko eta sektoreko erakundeek Artistaren Estatutua eskatzeko burutzen dauden lanari buruz eztabaida ireki zen,PAAC plataformaren eta Karraskanen parte-hartzearekin.
Artearen balioa gizarte-egituran
“Reshape proiektu europarra da, sektoreko artistak eta eragileak bildu dituena arteen esparruan lan‑eredu berriak pentsatzeko”, azaldu zuen aurkezpenean Marina Urruticoecheak, kultura‑kudeatzaileak eta Sareanen, Karraskanen eta Wikitokiren ordezkariak Reshaperen baitan, “asmoa zen jardunbide zuzenagoak sustatzen zituzten gailuak sortzea”.
Prozesu horretan zenbait prototipo sortu dira; adibidez, Art in Social Fabric proiektua. Lan hori etxearen eta maletaren metaforak erabiltzen ditu kultura arloko langile independenteak jasaten dituzten oztopoak azalarazteko. Etxeak “espazio birtual segurua, zuzena eta barneratzailea” irudikatzen du. Baina, bertatik ibiltzean, oztopoak antzematen dira: botere-harreman desberdinak, isuri ezkutuak edo sektorearen aniztasun falta. “Ate nagusiak nor sar daitekeen eta nor ez hausnartzen du”, azaldu zuen Minipogon kolektiboko Tijana Cvetkovićek aurkezpenean, “proiektu artistiko bat hastean erakundeekin, fundazioekin… gauzatzen diren negoziazioak islatzen ditu”.
Reshapetik Artoteka proiektua sortu da ere, Sareanen, Karraskanen eta Wikitokiren arteko lanaz gero. Ekimena artelanak eta bitartekaritza ekintzak mailegatzeko plataforman datza, zeinaren helburua den artea egunerokotasunera gerturatzea. “Artea gizarte-egiturarekin lotzeko modu berriak sortzeko eta, aldi berean, artisten ekonomian eragin baikorra lortzeko beharraz sortu zen Artoteka”, azaldu zuen Oihane Sánchez Durok, Artotekako koordinatzaileak. Ekimena 2021eko hasieran jarri zen abian lekuko 10 artisten lankidetzarekin. Maileguez gain, topaketak antolatu dituzte lanak beste testuingurutara lotzeko, tailerren eta elkarsorkuntza prozesuen bidez.
Artisten lana eztabaidaren erdian
Jardunaldiaren bigarren atala artearen munduko langileen lan-eskubideetan ardaztu zen eta PAAC , Kataloniako Artisten Plataforma Asanblearia, plataformako Giuliana Raccok eta Minipogon kolektiboko eta Uluseko, Serbiako artisten elkarteko, Vahida Ramujkicek parte hartu zuten.
Eztabaida, gehienbat, Artistaren Estatutua lortzeko borrokan ardaztu zen. Artisten kolektiboek hamarkadak daramatzate hori aldarrikatzen; lege-esparru espezifikoa eskatzen dute lan-baldintza duinak lortzeko. Aurreko uztailean, Estatutuaren garapenari heltzeko, Ministerio arteko Komisio baten sorreraren berri eman zen, zeinean sektoreko eragileek parte hartuko duten. Kultura eta Kirol Ministerioak egindako iragarpenak esperantzak sortu ditu. Hala ere, zalantzak daude elkarrizketak sektorearen ahots eta behar desberdinak kontuan hartuko dituen inguruan.
Giuliana Raccok PAAC plataformako lanari buruz hitz egin zuen, zein Kataluniako erakundeekin hizketakide gisa jarduten dagoen Artistaren Estatutua bultzatzeko. “Estatutua funtsezkoa da; ezinezkoa da lan duina izatea zure lana aintzatesten ez bada”, azaldu zuen, “artistaren egungo egoera beste herrialde batzuekin alderatzen badugu; adibidez, Belgikarekin edo Frantziarekin, Espainian askoz ere ahulagoa eta estuagoa da”. Plataformatik, espazio bat sortu dute kolektibo artistikoen parte-hartzea sustatzeko Estatutuaren sorreran.
Bestalde, Vahida Ramujkicek Ulusen, Serbiako Artisten Elkartearen, inguruan hitz egin zuen, baita azken hamarkadetan sektorearen lan-baldintzen aldaketen inguruan ere. Ulus herrialdeko elkarte zibil zaharrenetakoa da; 1919an sortu zen artisten lan-baldintzen alde borrokatzeko. “Serbian artistaren estatutu bat daukagu garai sozialisten herentzia dena”, azaldu zuen Vahidak, “oraindik mantentzen da, baina joera desagerraraztea da eta, erakundeetan eragina izaten ahalegintzen garen arren, kanalak mozten ari dira”.
Azkenik, Karraskanetik, Euskadiko egoerari buruz eta sektorea benetan ordezkatzen duen araudia lortzeko abian dauden borrokei buruz hitz egin zuen Rosa Abalek. Elkarteak, sormenaren eta kulturaren munduko 33 kideez osatutakoak, harremanetan abian jarri zituen 2018an Euskadirako Estatutu bat lortzeko helburuarekin. “Kontuan hartu behar dugu hemengo fiskaltasuna desberdina dela, eta babestu beharreko berezko hizkuntza dagoela”, azaldu zuen Karraskaneko buruak, “alderdi politikoekin harremanetan jarri ginen Artistaren Estatutu euskalduna eskatzeko, baina eztabaida zeharo politizatu da, eta, azkenik, 2020ko abenduan atzera bota zen”.
Rosak azaldu bezala, ministerioaren helburua da Estatutu jeneralista sortzea, sektoreko langile guztiak barne hartzen dituena. Horrek behar eta aldarrikapen zehatz ugari alde batera utz litzake, kulturaren eta arteen esparrua bereziki anitza baita. Horretarako guztirako, Karraskanetik sektoreko elkarteen, sindikatuen eta kolektiboen parte-hartze zabala eskatzen dute etorkizuneko elkarrizketa-mahai horretan, ahalik eta ordezkagarriena izan dadin.