Nire lehen hilabetea esperimentatzen: LEUN. Egonaldi esperimentala: Bruno Ibáñez Lozanoren eskutik – Esperimentazio aldia: 2018ko otsaila – ekaina

Erreferentzi testuetatik abiatuz —oinarrietan jasotzen ziren proposamenei jarraituz— eta “lan komunitarioen atsekabea” oinarri hartuta, eta bestetik, beka artistiko bat izanik, “leun” aurkeztu nuen, ohiko arteari egindako tresnen ekarpena eta proposamen-kritika bat.

Nire proposamenak “Ayurveda”n (sanskriton, bizitzaren artea) oinarritzen diren metodoak ditu ardatz. Yogaren bizi filosofia biltzen dut (alderdi fisikoa, espirituala, mentala eta arnasketa lantzen ditu Yogak) nik neuk egindako hainbat dieten inguruko bizipenekin konbinatuz (elikagai ekologikoak, integralak eta sasoikoak).

Wikitokiko komunitatearen esku jarriko ditut tresna horiek, esperimenta dezaten, sistema kapitalista honetan egiten ditugun lanordu ugariren ondorioz dugun bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Eta beraiei on egiten badie, lan komunitarioarentzat ere onuragarria izango da, komunitatea norbanakoek osatzen baitute.

Gure bizitza artelan bihurtzea. Gorputza, adimena, espiritua. Jarduera guztiak. Artea ez delako museoetan erakusten den zerbait materiala soilik. Izateari uztea, lan eta museo izateko aldi berean. Izaki leunak bihur gaitezen, erpinik gabekoak, kalterik eragin gabe bizi gaitezen.

Horretarako, Wikitokiren hileroko Asanblada eta Auzolan guztietan hainbat meditazio eta elikadura teknika partekatu ditut, eta hala egiten jarraituko dut.

Esaterako, iragan martxoaren 15ean, eta hilero egiten dugun Asanblada hasi aurretik, Pranayama praktika txiki bat egin genuen, Anuloma-Viloma (arnasketa txandakatua) ariketa batekin batera.

Pranayamak Pranarekin lan egiteko hainbat teknika biltzen ditu. Prana unibertsoan dabilen energia da. Gure barrura sartzen da arnasketaren bidez.

Sabel-arnasketa lantzen dugunean (diafragma beherantz eta “sabela kanporantz bultzatuz”), diafragma erlaxatu egiten dugu eta Manipura deitutako 3. txakran biltzen ditugun tentsioak askatzen ditugu.

Arnasketa eremua zabaltzean, kutxa torazikoaz baino harago, minutuko egiten ditugun arnasaldiak gutxitzen ditugu.

Taoisten arabera, arnasaldi kopuru jakin batekin jaiotzen gara. Horrek esan nahi du zenbat eta arinago arnasa hartu gero eta gehiago nekatzen garela; arnasketa azkarra beldurraren aurrean, negar egiten dugunean eta larrialdi egoeratan ematen da.

Praktika txiki horren ondoren, ederki gosaldu genuen: artobeltzez egindako krepak sagar-konpotarekin.

Artobeltzak berotu egiten gaitu, eta sagar-konpotak sagar gordin batek ematen duen hotza ematen digu.

Negua izanik, gosari egokia iruditu zitzaidan esperimentazio praktika abiatzeko. Sagarra bertako elikagaia dugu, eta artobeltzarekin erraz egiten dira krepak, gainera ez du glutenik. Ez nekien Wikitokiko norbaitek zenbait elikagai jateko arazorik izango zuen, horregatik aukeratu nuen gosari hori.

Ayurveda ikasi nuenean ez zidaten irakatsi elikagai bakoitzak duen bitamina kopurua. Elikagaiak sailkatzeko modu hori mendebalde-zientifikoaren kontua da.

Esperimentazio egonaldia izanik, oinarrizkoa ez da elikagaien propietateak azaltzea, baizik eta ezagutzera ematea, probatzea, eta norberak ondorioak bere atera ditzala.

Izan ere, gutariko bakoitzak behar eta ezaugarri ezberdinak ditugu, biologikoki, jaiotzaz. Gainera, bizitzan aurrera egin ahala ezaugarri emozionalak garatzen ditugu, une honetan bertan sortzen direnaz gain. Beraz, gauza bera ez da zertan denontzat egokia izan, zenbait balore komun egon arren. (Artobeltza zereal beroa da, eta sagar egosia ere bai, sua elementua duelako. Bizi garen planetaren alde honetan negua izanik, egokia da osagai beroak hartzea).

Egindako eta proposatutako errezeta guztiak bildu egingo ditut, amaieran Wikitokirentzat  egingo dudan memorian.

Esperimentazio beka izanik, ez dut modu normalizatuan egin nahi. Lehen aldi horretan, prozesu osoa grabatu nuen sakeleko telefonoarekin, eta azalpenak eman nituen, modu naturalean, lagun bati azalduko banio bezala; bideo artistiko batek bete beharko lituzkeen hainbat irizpide, efektu, kalitate handia eta abar alde batera utziz.

Arte gordin, zintzo eta zuzenetik hurbilago. Horrek ez dio leuntasuna kentzen.

Aldi berean, astean behin yoga eskola bat antolatzen saiatzen ari gara. Ordu asko ematen ditugu ordenagailuaren aurrean, eta horren ondorioz gorputza gogortuta dugu. Beraz, odol-, linfa- eta energia-fluxua aktibatuko ditugu.

Aurreko guztia eguneroko errutinan txertatzen badugu (ahal dugun neurrian), aldaketak eragingo ditugu gure gorputzan eta ariman, eta jaiotzez dugun malgutasuna eta moldatzeko gaitasuna berreskuratu ditugu, gure lan-ibilbidearen ondorioz ariketa falta eta errutinagatik galdu ditugu eta.

Bestetik, grabaketak egiten nabil, WikiTokin gertatzen diren eguneroko jarduerak eta soinuak jasoz, soinu-kabi bat sortzeko helburuarekin.

Eguneroko musikaltasunari garrantzia eman nahi diot, izan ere, estalita geratzen da gure buruak sortzen dituen zaraten eta aukeratzen ditugun bestelako musika-harien azpian.

Zenbait tresna sortuko ditut bizimodu leuna sustatzeko asmoz, eta balio estetikoa eta praktikoa izango dute. Esaterako, kutxa bero bat eta bankutxo bat, jarrera naturalean kaka egiteko.

Idazten ari naizen egunerokoaren zenbait orri uzten dizkizuet. Proiektuan sortutakoa jasotzen nabil, baina oraindik goizegi da ondorioak argitaratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *