Arteetatik eta Arteekin ikertzen eta egiten

Gaur egun bizi dugun testuingurua gero eta konplexuagoa da. Krisi sozialak, ekologikoak eta politikoak gurutzatzen dira, eta horren aurrean, lekuan lekuko praktika artistiko batzuek gero eta garrantzi handiagoa hartzen dute. Izan ere, harremanak egiteko, antolatzeko eta zentzua sortzeko beste modu batzuk proposatzen dituzte.

Praktika horiek ez dute artea soilik diziplina edo eremu espezializatu gisa ulertzen. Aitzitik, artea eguneroko bizitzara, komunitatera eta testuinguru zehatzetara zabaltzen dute. Horrela, lausotu egiten dira artearen eta bizitza osatzen duten gainerako eremuen arteko mugak.

Wikitokin, laborategi transdiziplinar gisa, hortik kokatzen dugu arteekin dugun harremana: arte bisualak, performatiboak, biziak, harremanezkoak, testuingurukoak eta bestelakoak gurutzatuz. Esperientzia hibridoetatik egiten dugu hori, kategoria itxietan sartzea zaila duten praktikak landuz.

Horrek hiru norabidetan lan egitea dakar. Lehenik, sozialki eta profesionalki “arte” gisa ulertzen denaren mugak zabaltzea eta porotsuago egitea. Bigarrenik, arteetan oraindik indarrean dagoen logika indibidualari aurre egitea. Logika hori askotan egiletzaren eta jenialtasunaren ideiekin lotuta dago. Horren ordez, sorkuntza elkarrekin sentitu eta pentsatzeko modu gisa lantzen dugu: kolektibotik, lankidetzatik, kooperaziotik eta komunitatetik abiatuta. Hirugarrenik, artearen jakintzak eta egiteko moduak beste ezagutza- eta ekintza-eremu batzuetara eramatea, eta handik ere berriz elikatzea. Truke horrek aukera berriak sortzen ditu, sarritan aurrez imajinatu gabeak, eta bakarka nekez sortuko liratekeenak. Horregatik, Wikitoki oso eremu desberdinetako eragileek osatzen dugu, baina artea esperimentaziorako eta elkarrekin ikasteko espazio gisa hartzen dugu.

Zein praktika artistikoz ari gara?

Wikitokin, praktika artistikoa mundua interpretatzeko eta bizitzeko modu bat da. Errealitatea zalantzan jartzeko eta mugiarazteko bide bat ere bada, errealitatea askotarikoa eta ziurgabea baita. Artearen bidez ez dugu errealitatea soilik irudikatu nahi; ahal den neurrian, eragin ere egin nahi diogu, une batez bada ere.

Arteetara dugun hurbilpenak hizkuntzekin, materialekin, formekin eta egiteko moduekin jolasten du. Baina ez hori bakarrik: zuzenean konposatzen du sozialarekin, politikoarekin eta ekonomikoarekin. Arteetatik izateko eta egiteko modu bat da.

Horrek aukera ematen du beste subjektibitate batzuk, kontakizun partekatuak eta iruditeria berriak esperimentatzeko. Sinbolikorako, ustekaberako, jolaserako, emoziorako eta sortzen ari den horretarako beste espazio batzuk zabaltzen ditu. Gatazkak bizitzeko eta arauak zein prozedurak deseraikitzeko aukera ematen du. Munduan egoteko modu pluralagoak eta bizigarriagoak irudikatzen laguntzen du. Esperientzien eta jakintzen arteko mintz gisa funtzionatzen du, eta jarduera indibiduala nahiz kolektiboa aktibatzeko katalizatzaile izan daiteke. Galderarako, topaketarako eta gurutzaketarako lekua ere bada, zalantza eta harridura besarkatuz.

Arteak praktikatzeko modu horiek, askotan, ez dira ohiko arte-sistemaren barruan aitortzen. Sarritan diziplina tradizionalen eta erakunde artistikoen legitimazio-espazio nagusien bazterrean kokatzen dira: museoetatik, bienaletatik edo galerietatik kanpo, edo haien ertzetan. Ez dira iruditeria hegemonikoaren parte, baina genealogia zabala eta askotarikoa dute.

Genealogia hori abangoardia historikoetan aurki daiteke: dadaismoan, konstruktibismoan edo Bauhausen, besteak beste. Geroago, XX. mendearen bigarren erdialdeko mugimenduetan ere bai: situazionismoan, fluxusen, estetika erlazionalean edo praktika performatibo, kolaboratibo, testuinguruko eta portaerazkoetan. Edonola ere, praktika horiek zaintza, bitartekaritza, ikerketa eta esperimentazio kolektiboa, artxiboa eta memoria, edo espazio publikoan esku hartzea jartzen dituzte beren ekintzaren erdigunean.

Wikitokiren kasuan, erreferentzien sare hori 60ko eta 70eko hamarkadetan kokatu daiteke, besteak beste, honako izen hauen bidez. Mierle Laderman Ukelesek 1969an Mantentze Artearen Manifestua argitaratu zuen, eta praktika artistikoa zaintzaren estetika eta etikekin lotu zuen, bai produkzioaren eremuan, bai erreprodukzioaren eremuan. Allan Kaprowek, artea eta bizitza lotzen zituzten happeningez gain, Des-artistaren hezkuntza bezalako testuak idatzi zituen. Bertan proposatzen zuen jarduera egitea, artearen pentsamendua presente edukita, baina “arte” etiketatik ahalik eta urrunen mantenduta.Stephen Willatsek, berriz, 70eko hamarkadatik aurrera, artelana eredu sozial gisa ulertu zuen. Bere praktika gizarte-zientzietara hurbildu zuen, arte kontzeptuala eta komunitarioa uztartuz, eta hizkuntza bisual berriekin eta antolaketa kolektiborako formekin esperimentatuz.

XX. eta XXI. mendeen arteko lotunean kokatzen diren praktikak ere aipa ditzakegu. Praktika horiek kudeaketa- eta botere-formak, irudikapen- eta artxibo-sistemak, edo errealitatea baldintzatzen duten baldintza material, sozial eta politikoak ikertzeko modu gisa ulertzen dute artea. Hor kokatzen dira, besteak beste, Andrea Fraser, 90eko hamarkadan artistaren figura zerbitzu-hornitzaile gisa planteatu zuena; Kate Rich, bere burua artista, merkatari eta “ekonomialari basati” gisa definitzen duena, eta antolaketa, administrazio eta enpresa forma berriak lantzen dituena; SUPERFLEX kolektiboa, proiektu kolaboratiboak eta integrazio sozioekonomikora bideratutako tresnak garatu dituena; Harun Farocki, ikusizko gailuak eta irudien ekoizpen-erregimenak aztertu zituena; Hito Steyerl, irudien zirkulazio digitala, datuen ekonomia eta ikusmenaren militarizazioa lantzen dituena; edo Jean-Luc Moulène, salgaien, eguneroko objektuen eta azpiegitura ekonomikoen materialtasunari eta harremanei arreta berezia jarri diena.

Latinoamerikako esperientzia ugarirekin ere lotzen gara, haien sentipentsatzeko moduekin, bizitze onaren ikuspegiekin eta begirada dekolonialekin. Horien artean daude, adibidez, Iconoclasistas, tresna grafikoak, kartografia kritikoa eta dinamika kolaboratiboak uztartzen dituena; Platohedro kolektibo kulturala, artea, teknologia eta hezkuntza uztartzen dituena eraldaketa pertsonal, sozial eta ambientalaren alde; LASTESIS, teoria feministak eta dekolonialak esku-hartze publiko parte-hartzaile bihurtzen dituena, arte performatiboa, aktibismoa eta espazio publikoa gurutzatuz; edo Tania Bruguera eta Arte Útil artxiboa, gizartean jarduteko moduak eraldatzera bideratutako taktiken bilduma gisa.

Era berean, hurbilagoko proposamenetan ere islatuta ikusten dugu geure burua. Hor daude, besteak beste, consonni arte eta kultura kritikoko ekoiztetxeak bultzatutako lanak; Conexiones Improbablesek urte luzez sustatutako artearen eta beste eremuen arteko hibridazioak; edo Transductores, Concomitentes eta Idensitat bezalako plataformetan bildutako esperientziak, komunitate-praktikei, bitartekaritzari, lankidetzari eta espazio publikoan kokatutako esku-hartzeei lotuak.

Hortik abiatuta, azken urteetan gero eta gehiago zabaldu diren praktika ugari eta askotarikoetara iristen gara. Praktika horiek ordezkaritza handia izan zuten Kasselgo Documenta 15ean, 2022an, Ruangrupa kolektiboak komisariatuta. Edizio hura Lumbung kontzeptuaren inguruan antolatu zen, eta ColaBoraBorak horri buruzko artikulu bat argitaratu zuen  Poliédrica aldizkarian.

Eta Wikitokin, zer?

Praktika artistiko horiek modu zuzenean hezurmamitzen dira Wikitokiko hainbat bazkideren lanean. Hor daude, besteak beste, Artaziak, Belén Cerezo, Basurama, Canicca, ColaBoraBora, Lorna Biermann, PEZ Estudio edo Saioa Olmo.

Saioa Olmok, bere doktore-tesian —Transarte. Prácticas artísticas colaborativas, tecnologías relacionales y performatividad social—, TRANSARTE ideia garatzen du. Kontzeptu horrek transakzioaren, transferentziaren eta trantsizioaren logikak uztartzen ditu, eraldaketak eta trukeak sortzeko. Horretarako, arreta jartzen du artistek, arteak eta testuinguruak elkarrekin osatzen duten lotura baldintza egokietan gerta dadin, parte hartzen duten eragile guztientzat onuragarria izan dadin.

Bazkideek modu indibidualean garatzen dituzten ekimenez gain, diziplina itxietatik kanpoko praktikek eta TRANS jarrerak Wikitoki osoa zeharkatzen dute. Hori hainbat modutan gauzatzen eta ikusarazten da: kolektiboki garatzen ditugun ikerketa eta proiektuetan; WIKIRIKI sorkuntza-egonaldien deialdian, seguruenik hemen aipatzen ari garen praktika moten adibiderik argiena eskaintzen duena proiektu txiki eta zehatzetan; Wikikrazia izeneko gobernantza- eta zaintza-ereduaren garapenean eta ezarpenean; edo Artoteka eta Dibujatolrato bezalako proiektu elkartuei ematen diegun babesean.

Azkenik, horrek guztiak sare eta marko kolektibo batzuekin lotzen gaitu. Kultura komunitarioarekin lotzen gara, REACC sareko eta Sarean kultura komunitarioko espazioko kide garelako. Praktika artistiko eta kultural transdiziplinarrekin ere bai, KARRASKAN sareko kide garen heinean. ACTS ikuspegiarekin ere bat egiten dugu, non artea zientziekin, teknologiekin eta gizartearekin harremanetan jartzen den; horregatik, ACTS Sareko kide gara. Eta artea eta sorkuntza kultur eskubideen funtsezko parte gisa ulertzen ditugu. Ildo horretan, Kultur Ministerioak bultzatutako lehen Kultur Eskubideen Planeko 1. ardatzaren —Tokiko Garapena eta Ekintza Komunitarioa— idazketa koordinatu dugu.

Horregatik guztiagatik, Wikitokin artea ez da diziplina multzo bat bakarrik. Ez da sormena aplikatzeko tresna soil bat. Ez da formak, estetikak eta kontakizunak sortzeko makina bat. Eta ez da desioaren bulkada hutsa ere.

Wikitokin, artea hori guztia da, baina baita gehiago ere: izateko, egiteko eta bizitzeko modu poliedriko bat. Batzuetan modu kontzientean praktikatzen dugu; beste askotan, egunerokoan eta arruntean diluituta agertzen da. Baina, edonola ere, dena zeharkatzen eta ukitzen du.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *