Eta aurrera egiten jarraitzen dugu – LEUN. Egonaldi esperimentala: Bruno Ibáñez Lozanoren eskutik – Esperimentazio aldia: 2018ko otsaila – ekaina

Talde horizontaletan, koordinazioa ez da gauza erraza. Lagun batek zera esan zidan: “leuna astiro doa”, eta, bai, halaxe da!

Gaurko bizimodua gero eta azkarragoa da eta, dirudienez, gero eta zailagoa zaigu bizimodu osasuntsua eramatea (gorputza / adimena eta gure ingurua zaintzea) .

Gaixotasunak, depresioa, estresa, elikadura desorekatua, harreman falta (beste pertsonekin kalitatezko harremanak izateko guneak); oro har, gure osasuna kaltetzen duten faktoreak dira.

Eta hori da egonaldi honen mamia, eten bat egitea geure burua eta besteak zaintzeko.

Norberaren erritmoak errespetatuz eta unera moldatuz ahal dugun heinean.

Horretarako, Yoga eta metodologia horrek eskaintzen dizkigun tresnak baliatuko ditugu.

Wikitokin hainbat saiakera egin ondoren —arrakasta handirik lortu gabe tokiaren ezaugarriak direla eta—, Yogaren zientzia praktikoa jendaurrean egiten hasi gara behingoz, Harrobia Ikastolak eta KOOP SF34-k lagatzen duten gunean (RIE, Espazioak Trukatzeko Sareko kideak dira). Harrobia Plazan egiten ditugu, doan eta parte hartu nahi duten guztientzat.

Prestakuntza zabalduz, komunitate mailan lantzeko. Zerbitzua besteon mesedetan jarriz, gure alde gizatiarra garatuz. Inklusiboagoak eta toleranteagoak izaten saiatuz —besteak laguntzeko beharra sentituz, trukean ezer jaso gabe— eta besteon ekarpenak eta laguntza jasoz —beren bizipen eta ezagutzen bitartez—, egonaldi hau aberasteko.

Osasuna eta artea denon eskura egon beharko litzatekelako.

Aldi berean, Wikitokiren barnean eta nahi eta ahal duten kideei zuzenduta, zaintza teknika “ez fisikoak” landuko ditugu. Ez dira gorputzaren mugimendu intentsuan oinarritzen. Arnasketa, meditazioa eta abar landuko ditugu, eta denborak esango digu teknika horiei esker aurrerapenak edo  hobekuntzak sumatzen dituzten.

Gainera, pasaden apirilaren 12an, Wikitokiko azken asanblada komunitarioa baino ordubete lehenago, pranayama landu genuen pixka bat; Ujjayi arnasketan barneratu ginen.

Sudurretik arnastean datza, glotisa itxiz —lurruna botatzean egiten dugun bezala—. Horrela arnastuz, soinu bat sortzen dugu, itsasoko olatuek egiten dutenaren antzekoa edo Darth Vader-en arnasketaren antzekoa (Anakin Skywalker da bere jaiotza-izena eta fikziozko pertsonaia da Star Wars frankizian).

Glotisa ixtean, airea motelago sartzen da eta, beraz, bihotz-maiztasuna ere gutxitzen da. Ondorioz, nerbio-sistemaren intentsitatea txikitu egiten da.

Sarrera hori egin ondoren, ilargiaren agurra egin genuen —energia femeninoa suspertzen du (kultura kontua izango al da?)— eta ondoren, amaitzeko, meditazio labur bat.

Bukaeran, bertan zeuden Wikitokiko kideei bi aukera eman nizkien saioa bukatzeko: pentsamenduei so egitea ala arnasketan arreta jartzea, norberak nahi zuenari eskerrak emanez.

Eta beti bezala, gure zaintza ariketen ondoren elkarrekin gosaldu genuen: txokolate eta banana bizkotxoa eta infusio bat.

Txokolatea ez da hemengo produktu bat, ezta sasoikoa ere. Baina gorputzak oroimen emozionala du eta zaporeek zerikusi handia dute horretan.

Txokolatea txikitatik jaten dugun jakia izanda, txokolatezkoa egitea erabaki nuen.

Hala ere, uste dut ondo datorkigula edulkoratzaile findu gutxiago kontsumitzea, esaterako,  azukrea, —finduak ez baldin badira ere, panela esaterako—. Beraz, bananak aukeratu nituen, ukitu gozoa emateko eta bestelako aukerak daudela erakusteko.

Baina ez du azukreak ematen dion horrenbeste zaporerik, beraz, mahaspasa eta txokolatez egindako nocilla prestatu nuen bestetik, norberak bizkotxoarekin nahastu ahal izateko.

Horrekin batera, kanela eta jengibre infusioa hartu genuen. Jengibrea irakiten jartzen da, 7 minutuz, ondoren kanela gehitzen zaio eta jalkitzen uzten da beste 3 minutuz.

Jengibreak digestio-sua bultzatzeko ona da, eta kanelak digeritzen laguntzen du. Hortaz, aurretik hartu genuen, ondoren etorritako bizkotxoa digeritzen laguntzeko (bizkotxoa ez baita oso arina).

Bestetik, jakinarazi nahi dizuet giro-soinuak aurrera doazela. Bukatu gabe dauden arren, hementxe duzue gure inguruko musikaren adibidetxo bat. Normalean ezkutuan geratzen da buruan hainbeste zarata dugulako edo bestelako giro musika hautatzen dugulako.

Komentatu nahi dizuet bukatu nuela goxo kaka egiteko bankutxoa. Ez dakit eskultura moduan bukatuta dagoen… Horretan nabil.

Gogoratu bizimodu osasuntsuak gorputzaren eta adimenaren arteko oreka gordetzen lagunduko dizuela.

Ondo lo egin, osasungarri jan, gorputza eta adimena trebatu, eta inportanteena, kalitatezko uneak partekatu pertsonekin; zu zeu izan eta une bakoitza disfrutatu… saia gaitezen bizitza modu kontzientean eta bete-betean disfrutatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *