Topaketa: E-kin, diseinua ahizpatasunez

Azaldu genizuen bezala, E-kin, diseinua ahizpasatunez, Mundo Ivaginariok (Zirikatuz Feminista Taldea) eta Wikitokik sustatutako proiektua da, euskal lurraldeetan arkitektura eta diseinuaren arloan dauden emakumeen komunitate bat sortzeko. Proiektu honen helburua arkitektura, hirigintza eta diseinuaren sektoreak eraldatzeko elkar-zaintza eta elkar-laguntza sareak osatzea da, parekideagoak eta feministagoak izan daitezen.

Zorionez, duela hilabete batzuk ideia bat baino ez zen hori itxura hartzen doa eta benetakoa bilakatzen hasi da.

Urria eta azaroan bi topaketa egongo dira, zeinetan emakumeok egindako eta balore feministak dituen diseinuaz kolektiboki hausnartu, sektoreko dinamika patriarkalak identifikatu, proiektu eta ekimenak ikusarazi eta komunitatearen hurrengo urratsak emateko usteak partekatuko ditugun. Topaketa horien asmoa zaintzarako une eta guneak izatea da; sostengurako espazio osasuntsuak, seguruak, atseginak eta ahizpatasunez beteak. Parte-hartzea laguntzeko, zaintza gune bat ere izango dugu.

Topaketak aurrez aurre burutuko dira Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko BBK Kuna eta Wikitoki espazioetan, Bilbon. Saioetan aurrez aurre parte hartu ezin baduzue, mini-topaketa online bat prestatuko dugu itzulpen gisa.

  • Topaketa 1: ERLAZIONATZEA. Mapaketa eta desberdintasunak
    • Urriaren 27an, 17:00etatik 19:30etara
    • BBK Kuna. Urazurrutia kalea, 3. Bilbo Zaharra.

Talde autoerrekonozimendua diseinu feministaren eta sektoreko dinamika patriarkalen inguruko hausnarketa kolektiboaren bidez: abian dauden ekimenak partekatzea, genero-desberdintasunak sektorean eragindako dinamikak eta ondorioak antzematea, eta kontzeptuak eraikitzea.

  • Topaketa 2: EKITEA. Esperientziak eta partekatutako balioak
    • Azaroaren 23an 17:00etatik 19:30etara
    • Wikitoki. Harrobia plaza 5, 2º, San Frantzisko.

Talde autoerrekonozimendu eta diseinu feministako prozesuari jarraipena emango diogu, garatutakoari geruzak gehituz, eta loturak, erreferentziak eta proposamen berriak eginez. Hortik abiatuz, komunitatea eraikitzen jarraitzeko aukerak, erronkak eta hurrengo urratsak zehaztuko ditugu.

Aurrez aurre parte hartzeko zein E-kin-era lotuta jarraitzeko gonbitea egiten dizuegu, ondorengo urratsen berri izan dezazuen. Izena emateko azken eguna urriaren 16a izan arren, aforoa dela eta, aurrez aurreko lekuak mugatuak izango dira; hortaz, anima zaitez lehenbailehen!

*Izena emateko azken eguna: 2022/11/16

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *