Bazkarideiak: Elkarren arteko laguntzarako bazkariak (food4thoughts)

Elkarren arteko laguntzarako formato praktikoa estreinatu dugu, proiektu geratua duten edo oztopoak, mugak topatzen dituzten pertsonei lagundu eta ideia bultzada bat emateko. WikiTokiko adimen kolektiboarekin arazoa landu nahi duen pertsona edo kolektiboa bazkari arin bat prestatzeaz arduratuko da, eta besteok bazkarian zehar bere arazoan laguntzeko konpromisoa hartuko dugu. Bazkarideiak saio bakoitza WikiTokiko amabitxi batek koordinatuko du, pertsona aurkeztu eta WikiTokin bazkaria egitea sustatuko duena. Guzti hau 12 urratsetan egin daiteke:

  1. Jarduera hau burutzeko, beti ere ondorengo ildoen barruan garatzen den proiektua izan behar da: guztien onean oinarritutako ekonomia eta kulturan, kooperatibismoan, ezagutza librean, etab.
  2. Laguntza behar duen pertsona edo kolektiboak, bere burua, proiektua eta arazoa aurkezteko mail bat bidaliko du. Eguna (ahal izanez gero asteartea) eta ordua (ahal izanez gero 14.00ak) adostuko dira, bazkarideiak martxan jartzeko.
  3. Jendeak laguntzeko izena emango du eta pertsona/kolektiboari jakinaraziko zaio.
  4. Bazkari espazioa antolatzen laguntzeko 10 minutu lehenago etorri beharko da.
  5. Bazkaria 14.00etan hasiko da: pertsona/kolektiboak bere proiektua 5 minututan azalduko du, 3 minututan bere arazoa, eta 2 minututan arazoa konpontzeko egin duena.
  6. Argibideen tartea izango da.
  7. Ideiak emateko txandaka arituko gara, errondak eginez, ideia jasak…
  8. Laburbiltze batekin itxiko da bazkaria.
  9. Pertsona/kolektiboak saioaren laburpen bat egiteko konpromisoa hartuko du.
  10. Laburpena WikiTokiren zerrendara bidaliko da, pertsona/kolektiboaren mail-arekin batera.
  11. Laburpena kolektiboki osatuko da, kontaktuak, helbideak, konponbideak, etb. bidaliaz pertsona/kolektiboari.
  12. Webgunean argitaratuko da ondorio bikoitza bilatuz: pertsona/kolektiboa bultzatzea eta konponbideak partekatzea.

Eta horrela WikiTokiko harreman-kapitala, kapital soziala eta kognitiboa partekatzea baliatzen dugu, beste proiektu batzuk ezagutu, bazkaldu eta bizi-lan elkartasun sareak ehuntzen ditugu. 3×1, gizarte- eta lan-makineriak zigortzen gaituen estutasunaren engranajeak koipeztatzeko balio duen esprai lubrifikatzaile hura bezala.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *