< Jardueretara itzuli

KIMERAvsKIMERA New European Bauhaus-en lehen jardunaldian

Oraindik diseinu-fasean dagoen ekimen horren helburua da hainbat esparrutako tokiko eragileen eta herritarren inplikazioa lortzea, ekimenaren balioekin bat datozen lankidetza-proiektuak gauzatu ahal izateko.

Europako Batzordeak Europako Bauhaus Berriko (NEB) bazkide izendatu ostean, Tabakalerak ekimena aurkezteko jardunaldi bat egingo du bere egoitzan, maiatzaren 17an, proiektua ezagutarazteko eta tokiko hainbat eragile inplikatzeko asmoz. Foroa kulturaren sektorera zuzenduta dago, baina baita NEBren esparruetan inplikazioa izan dezaketen sektore guztietara ere: arkitektura, ingurumena, gizarteratzea/gizarte-eragileak, teknologiaren sektorea, etab.

Euskadin egingo den lehen jardunaldia izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan egingo da, baita proiektuko beste bi bazkide euskaldunen lankidetzarekin ere:  Conexiones Improbables eta Bilbao Metropoli-30 elkartea.

Jardunaldia maiatzaren 17an izango da (astelehena), 15:00etatik 17:00etara, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, ekimena gizartean aurkeztea; eta, bestetik, hainbat esparrutako tokiko eragileen, ekimen independenteen, profesionalen eta herritarren inplikazioa lortzea, NEBk planteatzen dituen balioekin bat datozen lankidetza-proiektuak diseinatzeko prozesuan parte har dezaten.

Horrez gain, jardunaldi horretan bertan www.kulturgileak.eus atarian eskuragarri izango den beste plataforma publiko berri bat ezagutaraziko da. Bertan, askotariko esparruetan adituak diren enpresek, erakundeek eta pertsonek erregistratzeko aukera izango dute, eta, hala, Europako Bauhaus Berriaren Euskadiko sarearen parte izango dira. Plataforma horrek erregistratzen diren erakundeei ezagutzera emateko espazio bat eskainiko die, baita ekimenarekin lotura duten ideiak eta proposamenak garatzeko aliantza eta lankidetzak bilatzeko aukera ere.

Ekitaldiari hasiera emateko, Alessandro Rancatik hitz egingo du (Europako Batzordea – EU Policy Lab), eta NEBren aurkezpen ofiziala egingo du. Ondoren, euskal bazkideek hitz egingo dute (Tabakalera, Bilbao Metropoli-30 eta Conexiones Improbables). Horrez gain, bertaratzen direnek Europako beste bi adibide ere ezagutu ahal izango dituzte; horretarako, jardunaldian streaming bidez izango dira Matti Kuittinen (Nordic Bauhaus – Finlandia) eta Mariana Pestana (Bauhaus do Mar – Portugal).

Jardunaldia irekia izango da. Bertaratzeko aukera egongo da (aurrez izena emanda), eta baita streaming bidez jarraitzekoa ere, Tabakalera Online webgunean.

Europako Bauhaus Berria

Tabakalerak, sorkuntzara bideratutako Euskadiko azpiegitura garrantzitsuenetakoa den heinean, hainbat sorkuntza-proiekturen bidez egingo du bere ekarpena. Proiektu horien xedea izango da herritarrak inplikatzea, gizartean garrantzia duten gaiak azter ditzaten, hala nola Europako Bauhaus Berria ekimenak planteatzen dituenak: eten digitala, jasangarritasuna eta inklusioa.

Sorkuntzarako eta diziplinarteko ekimen bat da, eta bide ematen dio topaketarako espazio bati, zeinak etorkizunean bizitzeko moduak diseinatzeko aukera emango duen. Artearen, kulturaren, gizarte-inklusioaren, zientziaren eta teknologiaren alorren artean koka dezakegu. Ekimen horrek Itun Berdea bizi garen lekuetaraino eramaten du, eta ahalegin kolektibo bat egiteko eskatzen digu, etorkizun jasangarri eta inklusiboa imajinatu eta eraiki dezagun, gu guztion adimen eta arimarentzat onuragarria izango dena.

Europako Bauhaus Berriari buruzko informazio gehiago.

Aurkeztuko den esperientzia bat KIMERAvsKIMERA da. Aclima, Eide, Karraskan eta Wikitoki-k elkarrekin egindako jarduera, BBDW ’20ren esparruan. Orain, trans lantalde gisa konfiguratu da, KIMERAK izenekoa.

Online:

Nueva Bauhaus Europea (VO)