< Proiektuetara itzuli

Euskararen Ginkana

Elkarteetan euskararen diagnostiko parte-hartzailea garatzeko jolas-tresna.

Elkarteetan, erakundeetan edota komunitateetan euskara sustatzeko politikak bultzatzeko orduan, beharrezkoa izaten da aldez aurretik berau osatzen duten pertsonen errealitatea ulertzea. Euskararen inguruko bizipenak ez dira berdinak pertsona guztientzat eta horiek elkar-banatzeak euskara elikatzen du.

Proiektu hau euskarari aniztasunetik heltzeko jolas-tresna bat sortzean datza. Elkarteetan edo bestelako taldeetan euskararen diagnostiko parte-hartzailea egiteko tresna bat diseinatu da, berrerabilgarria, moldagarria eta jolasgarria dena.

Metodologia honen bitartez, gure elkarteko edo taldeko euskararen egoera ez du kanpo eragile batek baloratuko, baizik eta elkartea edo taldea osatzen dugun pertsonok. Euskaraz jolastea aitzakitzat hartuz, partaide guztien ahotsak eta ikuspuntuak kontuan hartu nahi dira; bide batez, norbanakoak ahaldunduz, norbanakoen aniztasunaz euskararen diagnostikoa aberastuz, eta diagnostiko horretan bizipenak, kultura, adin-tartea, generoa eta bestelako dibertsitateak txertatuz.

Guzti honen bitartez, noski, gure arteko euskararen sua piztu eta elikatu nahi dugu. Eta euskara plazara atera, egunerokotasunean ezin dutenek, euskararekin harremantzeko aukera izan dezaten.

Proiektuaren helburu nagusiak ondorengoak dira:
Elkarteen edota erakundeen euskararen diagnostiko parte-hartzailea egin.

  • Dinamikaren berrerabilera- eta moldaera-gaitasuna bermatu. 
  • Euskarerekiko bizipen eta sentipenak elkarbanatu eta aniztasuna balioan jarri.
  • Euskararekiko jarrera, aniztasunaren bitartez,  eraldatu eta zabaldu.
  • Euskararen erronkak jolasgarritu.
  • Euskaraz jolastuz, euskara sustatu.
  • Euskarrekiko norbanoken esatekoa balioan jarri eta partaideak ahaldundu.
  • Bizikidetza hobetu (jolasa eta elkarbanatzearen bitartez).

 

Nola erabili Euskararen Ginkana zure komunitatean?

Jolas-tresna honek moldagarria eta berrerabilgarria izan nahi du!

Hemen Euskararen Ginkana formatu digitalean aurkezten dizuegu, pausu erraz batzuk jarraituz zuen elkarteetan, erakundeetan edo taldeetan erabili dezazuen.

Tresnak jolas-metodologia bat jarraituko du, taldekako pista-joko edo ginkana moduan ezaguna dena.

Partaideek jolasa osatzeko gune sorta bat zeharkatu beharko dute. Gune bakoitzean froga bat izango dute, eta hori gainditutakoan hurrengo gunera iristeko pista emango zaie. Froga gehienak euskararen inguruko hausnarketa edo elkarbanatzea izango dira, baina jolasak ere tarteka daitezke.

 

 

Hasi aurretik kontutan izan beharrekoak

Parte-hartzaileak 👥

Taldea zenbat eta anitzagoa izan (adin, genero, jatorri, lanbide, euskaren ezagutza…)  orduan eta aberasgarriagoa izango da jolasa.

Parte-hartzeko ez da euskaraz jakin behar. Dena den, jolasa ahal den neurrian euskaraz garatzea garrantzitsua da. Horretarako, euskaldunak direnak euskaraz ez dakitenei itzuli edo xuxurlatu beharko dizkiete beharrezko guztiak.

Denbora⏳

Ginkanan jolasteko gutxienez bi ordu (120 minutu)  inguru behar dira.

Hausnarketei denbora gehiago eman nahi bazaie, 150-180 minutura luzatu daiteke.

Bi ordutik behera laburtzen bada, ez da hausnerketetarako denbora nahikorik izango, eta jasoko ditugun erreflexioak nahiko azalekoak suerta litezke.

Gure 2 orduko gomendioari jarraituz, denbora horrela banatu daiteke: 

  • 30 min – Ongi etorria, aurkezpena eta euskararen historia pertsonala
  • 75 min – Pista jolasa
  • 15min – Itxiera erronda (gertatukoaren balorazioa eta hausnarketa partekatua) 

 

Txokoak, materialak eta pistak 🎯

Froga bakoitza burutzeko gune edo txoko bat beharko da. Leku horiek  aldez aurretik aukeratu beharko dira frogak burutzeko baldintzak beteko dituztelarik. 

Txoko edo gune bakoitzera  iristeko pista bat asmatu beharko da.

Adibidez, txoko bat sukaldea baldin bada, pista “suak ura irakiten jartzen duen lekua” izan liteke.

Txoko bakoitzean froga gauzatzeko beharrezko materialak egon beharko dira.

Txokoak, materialak eta pistak prestatzeko orduan ondorengo fitxa lagungarria izango zaizuelakoan gaude:  Txokoen fitxak  (fitxa deskargatu eta bete).

Txoko bakoitza izendatzeko kartelak eta froga betetzeko oinarrizko argibideak hemen deskargatu ditzakezue: Txokoen kartelak

 

Bukaerako saria 🗃️

Helmugako gunean altxorra edo saria aurkituko da. Saria edozer izan daiteke: eskutitza, oparia daukan kutxa, arbela batean mezua, jateko zerbait…
Bukaerako altxorra aurkitu, ireki edo deszifratzeko, pistetan “kode sekretu” bat jarri daiteke. Kode sekretu horrek kandatu bat irekitzeko balio dezake edo leku zehatz bat adierazteko. Adibidez,  txokoetarako pista bakoitzean hizki edo silaba bat jarri daiteke eta guztien artean lo-ron-tzi-az-pi-an  mezua osatu.

 

Taldeak 👯

Jolasa dibertigarriagoa eta aberasgarriagoa izango da sortzen ditugun taldeak anitzak badira. 

2-3 talde osatzea gomendatzen da, eta talde bakoitzak 4-10 lagun izatea.

Taldeak osatzeko dinamika dibertigarria garatzea.

Adibidez, guk taldeak osatzeko orduan, abestien jolasa erabili dugu. Baina beste edozein modu erabil daiteke. 

Talde bakoitzari antolatzaile taldeko dinamizatzaile bat esleituko zaio jolasak behar bezala garatzen dela ziurtatzeko. Dinamizatzaile horrek txoko bakoitzari dagozkion hausnarketak behar bezala egiten direla bermatu ostean, hurrengo txokorako pista emango dio taldeari. Horrez gain bidean ager litezkeen zalantzak argituko ditu edota denbora kontrolatu.

Taldeak osatzeko ondorengo fitxa lagungarri izan daiteke: Taldeen fitxa

 

Jolas hasierako istorioa eta abestien jolasa ▶️

Jolasari hasiera emateko eta taldeak sortzeko honako dinamika hau erabilgarria izan daiteke:

Hasierako puntuan  pertsona bakoitzari papertxo bat eman  (abestien paperak),

eta  jolasa hasi aurretik taldeak egiteko eta jolasa abiarazteko istorio bat kontatu:

Imaginazioarekin bidaia bat egingo dugu eta X herriko jaietan gaude. 

Herri honetan euskaraz egiten da beti.
Oraintxe berbenan dantzan ari zarete. 

Bakoitzak eskuan daukan papera ireki dezala eta hitzik egin gabe bere taldekideak bilatuko ditu.  Norekin partekatzen nabil momentu hau?

 

Emaitzak jaso, ebaluazioa eta ondorengoak

Euskararen Ginkanaren parte-hartzaileekin emaitzak partekatzea aberasgarria izan daiteke, bertan ateratako ondorioak eta hausnarketak aurrera begira euskara bultzatzeko ekimenak antolatzeko lagungarriak izango direlakoan. 

Modu berean, parte-hartzaileei jolas-trena baloratzeko galdetegia luzatzeak tresna hobetzen lagunduko du. Hona hemen horretarako erabil daiteken galdetegia:  Galdetegia

This slideshow requires JavaScript.

Adibide bat: Euskeraren Ginkana Harrobi Plazan

Wikitokik antolatutako eta Bilboko Udaleko euskara arloak eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agenda Bonuen Programak finantzatutako jarduera.