Elkarlaneko gobernantzarako inspirazioa

“Wikikrazia Elkarlaneko gobernantza” transferitzeko produktuari eta hura garatu bitartean ikasitakoari buruzko Wikitokiren artikulua.

Wikitokiko zenbait esparrutan denbora generaman tresna fisiko bat aldarrikatzen, Wikikrazia oro har zertan datzan azaltzeko, hau da, espazio hori nola, noiz eta zergatik sortu zen zehazteko; era berean, ideia horrek lotura handia dauka gure erakundeak une oro izan duen asmo batekin: bere kode antolatzailea irekitzeko etengabeko nahiarekin, hain zuzen.

2024. urtearen hasieran, iLaben ekimenaren berri izan genuen: laborategi bat sortu nahi zuen, partaidetzaren arloan berrikuntza babestu eta sustatzeko, prospektibaren, esperimentazioaren eta transferentziaren bidez. Prozesu horretara aurkeztu, eta erakundearen eta jendearen babesari esker, hautatuen artean sartu ginen.

Wikikraziak esperimentazioaren arloan izandako esperientzia transferitzea zen proiektuaren funtsa. Wikitokiko erabakiak hartzeko eta kudeaketa antolatzeko eredua da Wikikrazia, eta soziokrazia du inspirazio-iturri. Proiektu horren baitan, lau fase planteatu genituen: 1) Sortutako materialen bilketa eta sintesia. 2) Kontraste-saioak: barrukoak eta kanpokoak. 3) Transferentzia-produktu bat egitea, eta 4) Sozializazioa.

Gure asmoa hauxe zen: material egokia sortzea, modu erakargarri eta pedagogikoan iragazi eta transferitzeko, batetik, Wikikraziaren 5 urteetako esperientzia eta ikaskuntza nagusiak eta, bestetik, praktika kolaboratiboen laborategi baten 10 urteko kudeaketa kolaboratiboa, hartara inspirazio-iturri bilakatzeko eraginkorragoak, efizienteagoak eta afektiboagoak izan nahi duten kolektibo eta erakundeentzat.

Gainetik azalduta, Soziokrazia eta gure DNA batuta sortu da Wikikrazia. Nola antolatu eta laburbildu dagoen material guztia, beste erakunde eta kolektibo batzuentzat erabilgarria eta ulergarria den formatu zabalgarri batean jartzeko? Zeregin luze eta konplexua izan zen. Irakurri, berrikusi eta proiektuaz arduratu zen lantaldearen artean hitz egin ondoren, edukiei izenburuak ematen hasi ginen, hala aurkibide bat osatuz.

Besteak beste:

– Sarrera: Wikitoki + Wikikrazia
– Trantsizioa
– Nola antolatzen gara?
– Nola erabakitzen dugu?
– Nola zaintzen dugu elkar?
– Nola konpontzen ditugu gatazkak?

Prozesu horretan, eta urtean zehar, materiala antolatzen genuen bitartean, diseinuaren kontzeptua sortzen hasi ginen. Erabakia hartuta genuen: eduki guzti hori azaltzeko ilustrazioz lagundutako testu-kutxak erabiliko genituen. Eta, hala, SaroAgustina etorri zitzaigun burura, bere sormenagatik bezainbeste bere trazuagatik. Bera izan da mapa zabalgarriko marrazki bakoitzaz arduratu dena. Artista hau Wikitokiren eta Wikikraziaren uretan bete-betean murgildu zen bere ilustrazioak egiteko. Gobernantza kolaboratiboko modu honen ideiak eta formak ulertu eta ordenatzeko prozesuan, hainbat jarduera, bilera eta partekatze-saiotan parte hartu zuen, hartara Wikikraziak osatzen duen sare bizia bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Hala ikusi ahal izan zuen eredu horren forma eta moduek hainbat irudi ekartzen zizkiotela burura, hain zuzen ere Donna Harawayk “Seguir con el problema” liburuan hizpide dituen sokak, kudeaketa-zirkuluak eta lotura bikoitzak, informazioa ekarri eta eramaten dutenak, konektatu eta komunikatu egiten dutenak, eta makineria martxan jartzen dutenak. Erabakiak hartu eta lan egiteko modu hori, noski, gure ohiko moldeetatik ateratzen da. Harawayk ere hala dio bere liburuan, nolabait azaltzearren: ez konpondu lehendik badena; dagoeneko funtzionatzen ez duten sistemez osatutako mundu batean elkarri laguntzeko modu berriak eraikitzeaz ari da.

Giza aurpegia duten animaliak: Sarok mapa zabalgarrirako sortu zituen ilustrazioak aztertuz gero, esan genezake erabaki, zaintza eta ebazpen kolektiboen sare handi honetan ikusi ahal izan zuen hierarkizazioa deseraikitzeko asmoa iradokitzen dutela. Berriz ere Donna Harawayrengana jotzen badugu, aise ikusiko dugu hainbat espezieren baterako lanak metodo berriak sor ditzakeela bere akaberan den planeta batean. Mezu apokaliptikoetatik aldenduta, Sarok festan eta jolasean oinarritutako ukitua eman nahi izan zion sortutako pertsonaien bidez, Wikikraziaren funtzionamenduari buruzko zehaztasun oro azaltzen digun testuan zehar pertsonaia horiek gure gidari bihurtuz. Izan ere, Harrobi plazan dugun kokaleku fisikoan lanegun guztietan gertatzen den sinbiosi hau esperantza-izpi bat da aukera desberdin eta ugariz betetako etorkizun baterako, konbentzionala eta zaharkitua den horretatik irteten den lan-giroa sortzeko asmoan. Zomorro bitxi guztien kasuan bezala, Saroren planteamenduan Wikitokin bizi den eta Wikikrazia baliatzen duen izaki orok dauka zerbait bakarra eta konplexua, sinergia-sare eder honetan bere ekarpena egiten duena.

Azkenik, sortutako lana tintara inprimatzeko urdina proposatu zen, arkitekturako planoetan ageri ohi den blueprint urdina iradokiz. Mapa tolesgarri hau gida bat da, hura bere antolaketa, talde edo kolektiboan aplikatu nahi duenarentzat inspirazio-iturri bilakatu dadin, baina, aldi berean, aldatu, moldatu eta egokitu egin daiteke, Wikikraziaren esperientziaren mapa bat baino ez baita.

Jaiotzeko eta bidelagun izateko prest dauden izakiz bestetako unibertso honekin, maketazioaren egitura sortzeko bideari ekin genion. Proba asko egin genituen, esperimentu asko, akats asko. Joan eta itzuli egin ginen, eta udan egin genuen lan, harik gaur esku artean dugun maketazioa zehaztuta uztea lortu genuen arte.

Azken emaitza nolakoa izatea nahi genuen adosteko, kontzentrazio handia behar izan genuen, eta hori nahikoa ez, eta urte osoan zehar kontraste-saioak egiten aritu ginen. Hona hemen ikaskuntzak partekatu eta biltzen dituzten espazioak eta estekak:

Horiek guztiak Wikikraziari buruzko edukiak batzen dituzten ibaiak dira; pertsona askoren esperientziak, sentsazioak eta sentimenduak biltzen dituzten ibaiak; beren ideiak eta egun bakoitzari jarritako ilusioa, Wikitokin; guzti-guztiok besarkatzen gaituen gobernantza-eredu bat, esperimentatzen eta aldatzen jarraitzeko aukera ematen duena, pertsona gisa dauzkagun iritziak eta sentimenduak aldatzea ere posible delako. Lantaldearentzat esperientzia oso garrantzitsua izan zen, eta, aldi berean, informazio hau eskuzabaltasunez partekatzean zabaltzen diren aukera amaigabeei balioa ematen die.

Hori guzti hori dela eta, espazio berezi bat sortu dugu, formatu zabalgarrian sartu ezin izan genuen informazio ugaria ikusi ahal izateko, beste itsasertz batzuk ezagutzeko, argazkiak ikusteko, iraganeko pasarteak deskubritzeko, prozesua ulertzeko eta beste erreferente batzuk ezagutzeko: Wikikraziako gure kutxatxoa.

Lorna Biermann López eta Isabel Tomás Pérezek idatzia, Wikitokiko lan taldea eta koordinazioko taldeak idatzia.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *