Egonaldiaren lehenengo gutuna: talde-kontakizuna

Uharte, 2019ko azaroak 18

Jende maitea,

Duela egun batzuk Bilbon egon ginen eta Wikitoki izeneko leku bitxia bisitatu genuen. Ibaiatik gertu dago, kale batzuk gorago, duela urte asko harria ateratzen zela gogoratzen duen plaza batean. Harrobi plazan.

Bere biztanleek Wikitokiri “elkarsorkuntzarako laborategia” deitzen diote ere. Eta ikusi genuenez, izena benetan egokia da. Bertoko biztanleetako batek, Host zein Isa deitzen zutena, bisita-egitarau akitua prestatu zigun. Hitzordura garaiz heldu ginen eta Teresak , espazioaren aldi baterako biztanleak, hartu gintuen. Berak hondartza deitu zuen leku batera (arraroa, ez genuen urik ez arearik ikusi eta) eraman gintuen, baitaWikitokiko gainerako txoko zein zokotara ere (diote armairu batean zerebro bat dutela!), Isa gurekin elkartu zen arte.

Lekuko gainerako izakiak, antolatzeko moduak eta harremanak ezagutzen joan genituen. Ezer ez zen imajinatuko zenukeen bezalakoa. Batzuk txokerrak ziren, beste batzuk mahaierrak eta beste batzuei sarerrak deitzen zieten. Baina guztiek izen partekatua zuten: wikitokerrak. Begiak eta belarriak ireki genituen ezagutzen ari genituen gauza berriak ulertzen saiatzeko.

Bueno, gure ahoak eta sudurrak ere ireki genituen bertan bazkaltzen zuten wikitoker batzuekin mahaia partekatzeko aukera izan baikenuen. Oraindik gogoratzen ditugu udareak ardoarekin eta jengibrearekin… A! eta auzoko lokal txiki baten kuskusa. Gure ikerlanak eta laguntza-lanak partekatzeko eta egun horietan bazkaldu genuen izakiek egiten zutena ezagutzeko uneak izan ziren. Gustuko baitute elkarrekin, nahastuta bazkaltzea eta euren gauzez mintzatzea baita inguruan gori dauden eztabaidez ere, Euskal Herriko jardunaldi feministez adibidez, zeinetara wikitoker batzuk joan ziren. Hain dute gustuko jatea euren artean gonbidatzen direla, binaka, auzoko plazatxo batean aliatutzat duten lokal batera, Sarean deitutakoa. Bertan, gainera, artisau garagardo gozo-gozoak atera zizkiguten gauez.

Hurrengo goizean, bilera benetan bitxi batera gonbidatu gintuzten. Hasieran oilar, erbi, bare, txori zoro eta bakteria habia gisa aurkeztu ziguten euren burua. Urtxintxa eta hontz jantzi ginen ez nabarmentzeko. Baina bilera amaieran transmutatu ziren! Bat Milu (koloretako binetatan bizi den haur ilehori baten txakurra), beste bat ostruka, oiloa, inurri. Bareak eta bakteriek bertan jarraitzen zuten, baina guk azkar aldatu genituen mozorroak eta katu zein arrano jantzi ginen, zer gerta ere. Zer gertatu zen? Oraindik galdetzen diogu hori geure buruari.

Bi egun hauetan gauza ugari ikasi ditugu Wikitokin. Hitzek garrantzia dutela ikasi genuen, harremanak, lekuak, rolak… izen bereziekin, arruntekin deitzeak wikitokerrak hobeto elkar ulertzea eragiten duela. Adibidez, kontatu ziguten zirkuluetan antolatzen direla, zeinetan hainbat wikitokerrek hartzen duten parte, eta eginkizun propioak dituztela. Horrela COTI (egunerokotasun), REMEDIOS (baliabideez eta komunikazioaz arduratzen dena) eta COLAJET (kola zaporeko eta espazio-ontzi itxurako izotz zatia zela kontatu ziguten, zeinarekin Wikitokitik at hegan egiten zuten) zirkuluak ezagutu genituen.

Wikitoki haiek, wikitokerrak, direla ikasi genuen, orain dauden espazioaz haraindi. Lekuko izaki guztiek gauza desberdinak egiten dituzte, batzuk elkarrekin, beste batzuk banaka, batzuetan batzuk elkartzen dira bestetan beste batzuk, baina ikasi genuen guztiak batzen dituena dela lana burutzeko modua. Partaidetzari, kode irekiari, kultura kolaboratiboari, komunikazio ez bortitzari, iritziei… wikikraziari buruz hitz egin ziguten.

Ez duzue sinetsiko, baina behin algaraz ere ospatu zuten: “Azkenik hil dugu biltzarra!”. Eta gu euren pozaren partaide izan ginen wikikrazia deitzen duten hori lan oso gogorra, motela baita.Wikikraziari, egunerako lanaz gain, euren bizitzen denbora handia eskaintzen diote eta ilusio handiz egiten dute, berrienen motibazioaz eta bulkadaz zein lehengoen jakintzez baliatzen dira horretarako.

Dena hain erraza ez dela kontatu ziguten ere, horrelako erakunde batek KONTUA eztabaidatu behar duela: partekatutako lanari eta harremanei eskaintzen dieten denbora; boterea; erabakiak hartzeko modua; eginkizunen banaketa eta onarpena. Baina planteamenduen seriotasunari beti umore ona eta metaforak gehitzen zizkioten, esaten zuten bezala, etengabeko mugimenduan dagoen prozesu hau guztia bizitza bezalakoa delako… beno, konposta bezalakoa esan zuten; astiro egiten da, beroarekin, gauzak nahastuz bizitza on bat ongarritzeko, erdian kokatu nahi dutena.

Etxera itzuli ginen sortu zitzaizkigun eta haiek azaldutako galdera askorekin euren antolakuntzari eta harremanei buruz, baliagarriak izango direnak hurrengo bisitarako prestatzeko, non aukera izango dugun bakoitzarekin mintzatzeko:

Zuk zer nahi duzu Wikitoki izatea? Zer eskatzen diozu Wikitokiri? Zer eskaintzen dizu Wikitokik? Zein da zure konpromisoa arazoei ekitean? Zer ulertzen da denbora bankutzat eta zenbat ekoiztu behar du? Noraino jarri nahi zara harremanetan edo hunkitu nahi zara? Zein hizkera hartzen dira legitimotzat eta zein ez? Zer partekatu nahi dugu? Noraino gara gai bizitza erdian jartzeko? Nola kudeatzen ditugu gatazkak sortzen direnean?

Esperientzia aberasgarria izan da, dudarik gabe. Berri ematen jarraituko dugu.

Maitasun osoz,

Laura eta Guille

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *