Elkarsorkuntza egonaldiak

Honen bidez, Elkarsorkuntzarako 3 egonaldi iragartzen dira WikiTokik inportantetzat jotzen dituen hiru alderdi jorratzeko 2016an zehar: bere espazioa, euskara eta antolaketa-kodea zabaltzea. Jarraian, deialdi honen motibazioak partekatuko ditugu zuokin, eta erakargarri iruditzen bazaizkizu, deskarga itzazu deialdiaren oinarriak eta ikusi proposamenaren xehetasun guztiak.

Antolaketa-kodea zabaltzen

WikiTokik esperimentazio maila altua (mikro eskalan) eskatzen du gestio eta ekoizpen sozialean, kulturalean, teknologikoan eta espazialean; eta horrek antolaketa- eta ekoizpen-kode tradizionalak berritzera behartzen gaitu. Hori dela eta, “Antolaketa-kodea zabaltzen” Elkarsorkuntza Egonaldian, WikiTokiren antolaketarako zenbait protokolo edo mekanismo prozesatuko ditugu, dinamikoagoak, didaktikoagoak eta praktikoagoak egiteko asmoz, eta modu irekian partekatu eta banatzeko garaian, testuinguru desberdinetan erabiliak izan daitezen. Elkarsorkuntza Egonaldi honetan, Barne-araudi eta Antolaketa ereduarekin lan egingo dugu.

Espazio fisikoa

“Espazio fisikoa” Elkarsorkuntza Egonaldian, prozesu sortzaile bat eragin nahi dugu, WikiTokiren inguru eta auzoan sinergiak sortuko dituena eta erabilera publikoko espazioa tresna gisa hartuko duena. WikiToki Bilboko San Frantzisko auzoan (Goiko Auzoen barruan, eta Bilbo Zaharra eta Zabala hartzen ditu barnean) jaiotako eta bertan kokatutako ekimena da. WikiTokiren agente sustatzaile gehienak auzoan kokatuak ginen aurretik edota auzoko zenbait hiri-dinamiketan parte hartutakoak ginen, eta orain, bide horretan jauzi kualitatibo bat emateko aukera dugu. Horregatik, gure helburuetako bat interakzioa garatzea da, eta baita harremanak sortzea ere WikiTokiren, agenteen eta auzoko bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalaren artean, batak bestea osatzeko eta batak besteari on egiteko.

Euskara

Euskara presente dago WikiTokiren eguneroko bizitzan eta baita bere kide batzuen jarduera eta proiektuetan ere. Hala ere, elkartearen dinamika gehienak (lantaldeak, aktak…) gaztelaniaz garatzen dira. Arazo honen muinari heltzeko asmoz, “Euskara” Elkarsorkuntza Egonaldirako deialdia egin dugu. Hauek dira lortu nahi ditugun helburuak: WikiTokiko euskararen mapa marraztea, elkartearen batzarrak euskaraz egiteko urratsak ematea, terminologia eta paisaia linguistikoa lantzea, eta euskararen presentzia handitzea kanpo-komunikazioan.

WikiTokiko agenteekin eta auzoko kanpo-agenteekin bat, espazioari eta hurbileko testuinguruarekiko harremanei buruzko elkarsorkuntza prozesu batean lagundu nahi baduzu, azken hiru urteetan sortu ditugun protokoloak gizakiontzat ulergarri azaltzeko gai bazara, edo euskararen inguruan harreman berriak sortzeko dugun nahiak erakartzen bazaitu, ikusi xehetasun guztiak DEIALDIAREN OINARRIAK.

 

EZAUGARRIAK

  • Iraupena. 3 hilabete.
  • Datak: 2016ko abendua – 2017ko otsaila.
  • Aurrekontua. 2.000€-ko ordainsaria + 500€ materialetan (zergak barne).
  • Ate irekiak. Elkarlan egonaldiak dirauen bitartean, publikoarentzat irekiko da, behin gutxienez, egonaldian zehar egindako lana erakusteko. Une ireki horrek edozein formatu izan dezake.
  • Komunikazioa. Erresidentziako partaideekin aldez aurretik adostuta, prozesua WikiTokiren kanaletan erakutsiko da: sare sozialetan, webgunean.
  • Sarea. Hurbileko testuinguruko beste agente sozial, kultural edo artistikoekin harremana.
  • Baliabideak. WikiToki lantaldea, prozesua babestu eta elikatuko duena, eta lan-espazio bat Wikitokin.
  • Egiletza. WikiTokiko egonalditik sortuko den lana Creative Commons lizentziapean kaleratuko da.
  • Edozein egoeratan dauden Proiektu proposamenak aurkez daitezke.

Proposamenak bidaltzeko azken eguna: 2016ko azaroaren 11.

Deskarga itzazu DEIALDIAREN OINARRIAK eta jar zaitez gurekin harremanetan edozein zalantzarik argitu nahi izanez gero.

Catalogo_dibujos

Egonaldien deialdi honek WikiToki eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Sormen Lantegien Programaren finantzazioa jaso du.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *