Kultura, zaintza eta lurraldea lotzeko sareko laborategiak
Wikitokin, La Ortiga Colectiva eta Fundación Caja Rioja erakundeekin batera, «Laborategia sarean: kultura komunitarioa eta hiri arteko lankidetza Santander-Bilbo-Logroño» proiektuan parte hartzen dugu. “Tan cerca” programaren bidez, hiru hirietako esperientziak, eragileak eta ikaskuntzak lotzen ditu ekimen honek.
Proiektuak Logroño eta Bilboko udaletako Kultura Arloaren eta Fundación Santander Creativaren laguntza ekonomikoa ere badu. Logroñon, La Cerámica espazioa izango da prozesuaren zati bat garatzeko topagunea.
Eginez ikasteko sare bat
Proposamenaren helburua herritarren laborategien programa interkonektatu bat sustatzea da, erakundeen, kultur eragileen eta herritarren arteko lankidetzarako modu berriak sortzeko gai izango dena.
Eredu itxietan lan egin beharrean, esperimentatzeko, metodologiak partekatzeko eta Bilbo, Santander eta Logroñoko testuinguruetara eraman eta egokitu daitezkeen prototipo kulturalak garatzeko espazio bat proposatzen dugu.
Herritarren parte-hartzea eta askotariko esparruen arteko lankidetza —kultura, hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak eta administrazio publikoa— funtsezkoak dira komunitate-sarea indartzeko eta ekintza kolektiborako aukera berriak zabaltzeko.
Hiru hiri, hiru ikuspegi
Laborategia hiru fasetan egituratzen da. Lehenengoa maiatzean hasi zen, Logroñoko eragile eta erakundeei zuzendutako tokiko deialdi batekin; bereziki, La Cerámica dagoen mendebaldeko eremuari begira. Lehen topaketa horretan, besteak beste, Logroño Comunitario, IES Batalla de Clavijo, CEIP Navarrete el Mudo, Cruz Roja eta Centro de Salud Gonzalo de Berceo erakundeek parte hartu zuten.
Bigarren fasea laborategiak metodologia kolaboratiboen bidez garatzera bideratuko da. Hiri bakoitzak ardatz jakin bat landuko du:
- Bilbo: parte-hartzezko gobernantza. Laborategia irailaren 30ean egingo da, egun osoan zehar. Informazio gehiago hemen.
- Santander: osasuna, ongizatea eta kultura komunitarioa. Hitzordua urriaren 27an izango da.
- Logroño: gizarte-kohesioa, praktika artistikoen bidez. Topaketa azaroaren 25ean izango da, goizean.
Hirugarren fasean, prozesuak elkarrekin partekatu, ikaskuntzak transferitu eta hiru hirien artean sortutako sareak sendotu ahal izango dira.
Bidaiatu dezaketen prototipo kulturalak
Proiektuaren helburuetako bat proposamen eta prototipo kultural transferigarriak garatzea da: errealitate desberdinetara egokitzeko gai izango direnak, lurralde bakoitzarekin duten lotura galdu gabe.
Horretarako, prozesuak dokumentaziorako eta ebaluaziorako tresnak izango ditu, ikasitakoa jasotzeko, ondo funtzionatzen duena identifikatzeko eta emaitzak errepikatzeko aukera errazteko.
Lankidetza honen helburua, topaketa hauek abiapuntu hartuta inplikatutako pertsonen eta erakundeen arteko lankidetza-egitura egonkorrak sortzen laguntzea da
Parte hartzeko gonbidapena
Laborategia kultur eragileei, herritarrei, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloko profesionalei, administrazio publikoei, eta kulturaren, parte-hartzearen eta komunitate-eraldaketaren arteko harremana aztertu nahi duten beste talde diziplina anitzei zuzenduta dago
Bilbo, Santander eta Logroñotik sare bat eraikitzen jarraitzen dugu, galderak, praktikak eta tresnak partekatzeko. Izan ere, esperientziak konektatzea lurraldeak zaintzeko eta etorkizun komunak irudikatzeko eta abian jartzeko duten gaitasuna handitzeko modu bat ere bada.
Fundación Caja Rioja, Wikitoki eta La Ortiga Colectiva erakundeek garatutako proiektua, Tan cerca programaren barruan, Logroño eta Bilboko udaletako Kultura Arloaren eta Fundación Santander Creativaren laguntzarekin.
