Not a Soho (NOT) kolektiboaren aurreko posteannortzuk diren eta Wikitokiko egonaldirako zituzten helburuak eta asmoak plazaratu zituzten. Gaur, aste hauetako prozesuen nondik norakoak kontatzera datoz…

Jarraian, gure burua eta taldea eraldatzeko egin dugun prozesua azalduko dugu. Zalantza gabe, oso esperientzia dibertigarria izan da, eta jolasak funtzio nagusia bete du:

Deseraikitze prozesuari ekiteko orduan, formatu atseginak eta leunak erabili nahi izan ditugu. Asmoa bilduma bat osatzea izan da, horren bitartez BZeko testuinguru soziokulturalean zein Bilboko beste gune batzuetan barneratzeko bide ezberdinak topatzeko.

Gure premisa nagusia oinarri hartuta, “hau ez da SoHo bat”, hainbat jolas egin ditugu, topaguneak sortzeko asmoz eta jakin-minetik abiatuz: artetik eta kulturatik jarduteko garaian erabili ohi diren ereduak une batez alde batera utzi, eta nahiari eta jakin-minari egin diegu lekua.

Jarraitu dugun metodologia honakoa izan da: jarduerak proposatu, taldekide bakoitzak garatu, eta hortik, ekintza berriak sortuz eta azalduz joan dira (proposamen lotuak).

Helburua jolas-kit bat sortzea izan da, izan ere ez ditugu jarraibide-gidak oso gustuko. Horretarako, sortuz joan diren proposamenak liburuxka batean bildu ditugu (formatu plastikoagoa da, esku har daiteke… eta, horrela, guretzat ere jolas bilakatu da ikerketa prozesua).

Sortutako informazioa eta ideiak bildu, eta liburuxkak diseinatu eta maketatu ditugu. Emaitza produktu fisiko bat izan da, non ikerketa-prozesu osoa biltzen den.

Interesgarria iruditu zaigu webgunean zabaltzea, norbere jarduera eta interesetara egokitu nahi duenarentzat.

Hona hemen proposamenen aurkezpena. Horietako batean Miribilla Eskolako neska-mutilekin azaroan egingo den jarduera jasotzen da.

1 NOT A SOHO Jolastu IKER:

Ikerrek Trivial jolasaren edo quiz interaktiboaren dinamika proposatu du (QR formatuan kodifikatutako galde-erantzunak). Helburua, bai gure artean, bai auzoarekin nolako harremanak sortzen ditugun jabetzea.

 

2 NOT A SOHO Konfiantzak zeresan handia du LAURA:

Konfiantza lantzeko ekintza-sorta: zer da konfiantza? Zer termino lotzen ditugu konfiantzarekin? Norengan jartzen dugu gure konfiantza?

Emaitza, Konfiantzaren Lekukoa: zure egunerokoa kontatzeko koadernoa, eguneroko bizitza jaso, eta eskuz esku aldatuko da. Bakoitzak astebete edukiko du nahi duena adierazteko bertan (marraztuz, idatziz, pintatuz…). Ondoren, konfiantza duen beste bati pasako dio. Guri dagokigunez, koadernoaren azken erabiltzailearengan jarrita dugu gure konfiantza, koadernoa aipatutako helbidera, Wikitokira, itzuliko duelakoan.

3 NOT A SOHO Egunerokotasunerako poesia OLESYA

Proposamen hau Dadaema bat osatzean datza (hitz-elkartea da Dadaema: «dada» eta «poema»). Dadaeman poema bat idatziko dugu, eta horretarako, aurretik hautatutako prentsa artikulu birziklatuak erabiliko ditugu. Artikuluak hautatzeko irizpide nagusia: Bilbo Zaharra auzoa aipatu behar dute.

4 NOT A SOHO Jarduerak sortzen OIHANE

Jarduera honek bi zati ditu, eta asmoa, bai gure burua bai gure prozesua definituko dituen glosarioa eratzea izan da:

Hasierako saioan ideia-jasa bat egin, eta alfabetikoki ordenatu genituen (gehienez 30 seg., ondoren hurrengo letrara joan, hurrenkera gordez: A, B, D…). Bigarren saioan, guretzat erakargarriak zirenak hautatu, eta horren definizio bat bota behar genuen (2 minutu eta 22 segundo).

5 NOT A SOHO Zabaldu, aztertu KARLA

Karlaren proposamena Second Life-en lurralde birtualetik egindako bidaia izan da. Topaketa modu birtualean bizi genuen, eta zenbait pantaila-irudi egin genituen jardueraren erregistrorako gordetzeko.

 

6 NOT A SOHO Pikotxa eta pala PABLO

El pico filma ikusi genuen. Zine espainolean zine kinkiaren barruan sailkatutako filma da, eta Bilbon girotuta dago.

Filma ikusten ari garen bitartean, ezagutzen ditugun tokiak mapa batean kokatu behar ditugu.  Helburua, desindustrializazio garaiak gaur eguneko Bilbon eragindako aldaketak eta hiria erreferente turistiko bihurtzeko egindako «garbiketa» azpimarratzea.

7 NOT A SOHO Kalea nirea da RAFFAELLA

Raffaellak beste bizipen guztiekin bilduma bat egitea proposatu zuen. Emaitza: auzoan jolastu genuen; leku batzuk Ikerrek auzoa QRz osaturiko labirintoa bihurtzeko erabilitako berdinak izan dira. Ariketatxo bat egin genuen Oihanek proposatutako glosarioaren definizio pare batekin. Kalea hartu aurretik, dadaema berriak sortzeko aukera izan genuen definizio sortu berri horiekin. Behin kalean, guneak eta zuzeneko pantaila-irudiak sortu genituen, Second Lifeko topaketa eredu hartuta eta Karlarekin batera. Jarduera grabatu genuen, eta gure erara ospatu: jaten eta edaten.

8 NOT A SOHO Elkarri Kontu-kontari, Miribilla eskolarentzako proposamena.

Proposamen honek plastika, jolasa eta hurbileko ingurua (Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala eta Miribilla auzoak) uztartzen ditu.

Miribilla Eskolako umeei zuzendutako jarduera da, eta bere inguruarekin loturiko subjektibitate berriak bultzatzen ditu jolasaren bitartez. Umeen eraldaketa-ahalmena bultzatzeko asmoz, une dibertigarriak baliatzen dira.

Not a Soho

 

 

 

Not a Soho Egonaldia: prozesuak

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *