Not A Soho – Egonaldia: Uztailak – Abendual 2018

Nortzuk gara. Kaixo guztioi! Not A SoHo Kolektiboa gara, eta gure lana hiritik eta espazio publikotik abiatzen da; testuinguru horretan ikertzen eta esploratzen dugu. Kide bakoitzaren ikuspuntuak batu, eta elkarrengandik ikasten dugu etengabe.

Zergatik elkartu ginen. Zenbait auzotan ematen ari ziren eraldaketei aurre egiteko asmoz bildu zen taldea lehen aldiz. Auzo horiei, Bilbo Zaharra besteak beste, Soho itxura ematen ari zitzaien, eta bertako kultura-aniztasuna tresnatzat erabiltzen hasi zen. Denon artean eraldaketa horiei erantzun bat ematea zen gure hasierako helburuetako bat. Hala ere taldearen bilakaera ikusita, asmo nagusia ez da prozesu horiei erantzun esplizitua ematea, baizik horren aurrean altxatzen den erresistentzia aztertzea, modu naturalean; erresistentzia horrek beste modu batean ulertzen ditu artea eta kultura, ez du zerikusirik aipatutako eraldaketekin eta modu naturalean txertatuta dago hirian, Bilbo zaharrean edo beste auzo batzuetan.

Kolektiboaren bilakaera. Kontraesanak eduki eduki ditugu, eta taldearen hasierako oinarria aldatuz joan da. Kulturaren inguruko kategoria zorrotzak, itxiak eta klasikoak baztertzen ari gara, oztopo gehiago sortzen baitituzte, eta horien tokian bide zabalagoak, integratzaileagoak eta irekiagoak bultzatzen ditugu. Izenari dagokionez ere, ‘Not A SoHo’ aldi baterako izan daitekeela pentsatu dugu. Hori guztia kontuan harturik, Wikitokiko egonaldian, gure Kolektiboa eta gure praktikak definitzeko lagungarriak izango zaizkigun ekarpenak jaso nahi genituzke.

Aurreko saioan jarraitutako dinamika. 2018ko Wikitokiren Egonaldi Esperimentalaren baitan, esperimentatzeko modua jorratzeari heldu genion −aurretik ere egiten genuen−. Guretzat ‘esperimentazioa’ elkarlanean aritzerakoan sortzen den sormen-prozesua da, non desikasten eta ikertzen saiatzen garen.

Lehen elkarlan-saioan, gure proiektuaren oinarri teorikoa eta egitura zehazten hasi ginen. Elementu horietatik aurrera gure helburuak, urrats zehatzak, zereginak eta ekintza zehatzak finkatuko ditugu, egonaldiak iraungo dituen hilabeteetan garatuko ditugunak. Definizio eta birdefinizio prozesu horretan, gure Kolektiboa sortu zenetik gaur arte bildu ditugun materialak ikusi genituen. Besteak beste, aktak, feedbacka emateko testu pertsonalak, eta helburuak, lan egiteko moduak eta kolektiboaren estrategiak fintzeko ideia berriak.

Gure dinamikaren izaera esperimentala martxan jarri, eta  egiteko modu berriak sortu ziren berrinterpretazio prozesu horretatik. Eta denon artean adostutako izen honetan laburbiltzen dira taldearen interesak: “BLAITZEKO ALTERNATIBAK ETA BESTELAKO MODUAK”. Bertan, zalantzan jartzen genuen artearen eta artisten jarrera testuinguru jakin batzuetan egiten diren ekintzen aurrean, eta erabaki genuen Wikitokin egingo genuen egonaldian, eta aurkeztu genuen proposamenari eutsiz, hauek izango zirela gure esperimentazioaren ezaugarriak:

  1. Eguneroko bizitza erdigunean jartzea, eta artea izango zen oinarria.
  2. Espazio eta formatu malguak, irisgarriak eta erakargarriak sortzea, jakin-mina sortzeko, gure komunikazio kanalak gainditzeko eta parte hartzeko interesa duen komunitatea baten sorrera bultzatzeko.
  3. Gure kontraesanak eta gatazkak lantzea, alde batetik, eta bestetik, kontraesanak ezagutaraztea froga-akatsa moduko ekintzen eta proben bitartez.
  4. Gure ekintzak ariketa moduan garatzea, eta alde batera uztea oztopoak sor ditzaketen formatuak.
  5. Ekintza laburrak edota berehalakoak egitea espazioetan, eta, esaterako, keinuak eta gorputza erabiltzea  egoteko eta izateko tresnatzat.
  6. Testua izatea ekintza garatzeko (irakurketak gune publikoetan, testuen interpretazioa) baliabidea eta oinarria.
  7. Umorea eta ironia erabiltzea parte-hartzea bultzatzeko eta artearen eta kulturaren bitartez ondo pasatzeko.
  8. Entzutea bultzatzea.
  9. Elkarte eta norbanakoekin lan egitea, euren jatorria, adina, lanbidea eta abar kontuan hartu gabe. Helburua, eguneroko praktiketarako bide positibo berriak irekitzea.
  10. Egiteko modu berrietan sakontzea eta bestelako arte adierazpenei erreparatzea, gure lan egiteko moduetan eta formatuetan txertatzeko asmoz.

Egiteko modu horietatik abiatuz, espazioak, egoerak edo topaguneak bultzatu nahi ditugu, adibidez, film bat proiektatzea edo irakurketa komentatu bat antolatzea. Horrela, gure ustez, berezko erresistentzia-proposamen sorta bat jarriko dugu abian; espazio publikoa erabiltzeko aldi baterako alternatibak. Adibidez, espazio bat partekatu nahi genuke gainerako wikitokitarrekin, loturak sortzeko edo gure egonaldia egiten dugun artean zenbait proiektutan parte hartzera gonbidatzeko asmoz.

Datozen saioei begira honako asmoak ditugu, besteak beste: lehenik, aurreko saioan finkatutakoa sakontzea;  bigarrenik, irakurketa taldea antolatzeko asmoari helduz, Jacopo Crivelli Visconti-ren Nuevas derivas (2016) liburuaren irakurketa egitea, eta beste bat Francesco Careri-ren Walkscapes: El Andar como práctica estética liburuarena, eta berta jasotzen diren anti-walk edota transurbancia (nora ezean ibiltzea) kontzeptuak jorratzea. Horrez gain, Milan Bukovak zuzendariaren Mihovil Pansini. Ships don’t come ashore (2008) filma proiektatzea; hirugarrenik, egutegi bat diseinatzea ekintzen eta estrategien proposamen bat garatzeko helburuarekin. Ondoren, gure erresidentziaren amaieran aurkeztuko dugu. Proposamen hori gure praktiken bilduma bat izango da, eta orain arte egin diren eta abian dauden beste batzuekin lotuko ditugu.

Egonaldi esperimentalaren deialdian aurkeztu genuen txostenean, Praktiken errezeta bilduma deitu genion gure proposamenari. Lehenengo lansaioan, hemen Wikitokin egindakoa, aktetan “larrialdietarako kita” aipatzen zela ikusi genuen. Guk izena aldatu eta “jolaserako kita” deitu diogu, eta orain arte aipatu ditugun errezeta alternatibo eta estrategia horiekin lotuko da. Bertan, testuak, jolasak, beste kolektiboen ekarpenak eta abar bilduko dira. “Gauzak” biltzeko kutxa baten modukoa izango da, eta, akaso, jolas kolektibo baten bitartez aurkeztuko da.

Azken finean, aztertu nahi dugu aipatutako ardatz horiek emango duten erantzuna testuinguru jakin batera eramaten ditugunean, hau da, jarduten garen espaziora, Bilbo Zaharrera. Eta aldi berean praktika malgu eta mugikorrez osaturiko egitura bat eraiki nahi dugu, eraldaketa soziokulturala jasaten ari diren bestelako hiri-testuinguruak ikertzeko eta esploratzeko erabil daitekeena.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *