Nazioarteko sarea da R-Ladies, genero-aniztasuna sustatzen duena R-komunitatean, datuak kudeatzeko asko erabiltzen den kode irekiko programazio ingurua. Ekimena 2012an jaio zen, Gabriela de Queiroz ikertzailearen eta datu-zientzian adituaren eskutik eta gaur egun lekuko 180 talde inguru daude 48 herrialdetan, eta gero eta gehiago daude. Ikertzaile talde batek R-Ladies Bilbao sortu berri du eta Wikitokik bere lehen tailerra jaso zuen irailaren 19an.

Coté Rodríguez, estatistikari buruzko ikertzailea; Diana Pérez, abeltzaintzan diseinu esperimentalari buruzko ikertzailea; Leire Citores eta Lore Zumeta, kirol-lesioetara aplikatutako estatistikari buruzko ikertzaileak; Amaia Iparragirre, inkesta modelizazioari buruzko ikertzailea eta Amaia Abanda, ikaskuntza automatikoari buruzko ikertzailea dira R-Ladies Bilbao-ren bultzatzaileak. Haiekin arituko gara R‑Ladies Bilbaori buruz pixka bat gehiago konta diezaguten.

Zer da R-Ladies?

Coté Rodríguez: Nazioarteko maila duen ekimena da, 2012an jaio zena Gabriela de Queirozek bultzatua San Frantziskozko emakume talde batekin. Programazioaren munduan gizonezko giro handia dago eta faltan botatzen zuten ingurune anitzagoa, programatzaile gisa erosotasunarekin eta erraztasunarekin garatzeko moduko lekua. Tokiko taldeek osatzen dute sarea eta helburua da topaketak antolatzea guztion artean ezagutzak partekatzeko. R-Ladiesek antolatzen dituzten ekintzak irekiak eta mistoak dira, baina txostengileak eta antolakuntza-taldea emakumeak, genero femeninoarekin edo genero minoritarioekin identifikatzen diren pertsonak dira.

Zergatik da beharrezkoa genero-aniztasuneko espazioak sortzea programazioaren esparruan?

Coté Rodríguez: ahotsa izatearen kontua da. R-Ladies topaketak mistoak dira, baina emakumeok zuzentzen dugu eta hori zuk ere barneratzen duzu. Azken finean, helburua da espazio atsegina sortzea, non erosoago aritu eta guztiok konfiantza hartu.

Leire Citores: Hasten direnei erreferenteak eskaini diezaiekeen espazioa da. R komunitatera gerturatuz gero, laguntzaile gehienak gizonezkoak dira eta horrek aldendu zaitzake. Bilera edo kongresu batera baldin bazoaz, baliteke gizonezkoak baino ez egotea eta baliteke zuk ahotsa ez izatea eta deseroso egotea. Hortaz, R-Ladies zuk egiten duzun gauza bera burutzen duten emakumeekin elkartzeko lekua da, non erosoago sentitu zaitezkeen.

Amaia Abanda: Berez ikasteaz gain, ideia da ere networking espazioa sortzea, non zientziatik at komunikatzeko eta partekatzeko aukera izan dezagun. Esperientziak partekatzen dituzunean, konturatzen zara eguneroko egoerak bizitzen dituzula pertsonalak ez direnak, sozialak baino. Niretzat, topaketarako espazio hori garrantzitsua da ere.

R-ri buruz ezer dakienarentzat, zer da?

Coté Rodríguez: Datu-analisiarekin harreman estua duen programazio-ingurua da. Software da kode irekian eta parte-hartzailean, eta estandarra bihurtu da estatistikaren arloan. Horrek ezagutza partekatzea errazten du, R-rekin aritzen bazara pertsona askok kode hori ulertu ahalko eta datuak aztertuko ahalko dituztelako.

Amaia Iparragirre: Jende asko dago laguntzen; beraz, ia edozer egiteko paketeak dituzu. Datu mota askorekin lan egin dezakezu, horiek ikuskatzea, aurkezpenak egitea, artikulu zientifikoak idaztea,… egiatan, ia edozer egin dezakezu.

Eta zer eraman zaituzte R-Ladies Bilbao sortzera?

Lore Zumeta: Hasi berri dugu. Taldea sortzeko lehenengoak bilerak otsailean egin genituen eta hau da gure lehenengo tailerra. R- Ladies Bilbao sortu genuen Euskal Herri mailan ez zegoelako ezer, badago Pythonerako Py-Ladies Bilba taldea, beste programazio ingurunea, baina R-an ez; beraz, egitea erabaki genuen. Berehala ikusi genuen interesa duen pertsona dagoela; hortaz, erraza izan zen lehenengo tailerra prestatzeko geure burua motibatzea. Espazio parte-hartzaileak izatea eta datozenek dakitena partekatzea nahi dugu, guztion artean hornitzea.

Zertan datza gaurko tailerra?

Diana Pérez: Asko eztabaidatzen dugu hasiera gaiari buruz eta guztiok alderdi grafikoetan aritzen garenez erabaki genuen lehenengo tailerra datuak bistaratzera bideratzea. Bogan jarri den pakete berri samarra ikusiko dugu, berarekin lan egiten ikasteko.

Zer-nolako pertsona-profilera zuzenduta daude R-Ladies Bilbaoren ekintzak?

Leire Citores: R erabiltzaileetara zuzenduta daude, baina ideia da elkar laguntzea eta inor kanpoan geratu dadin aditua ez izateagatik; hortaz, maila irekia da. Orokorrean, datuekin aritzen den jendeari zuzentzen gara eta, adibidez, gaurko tailerrera biologoak, informatikoak,… gerturatuko dira.

Zer egin behar da R-Ladies Bilbaoren zati izateko?

Amaia Iparraguirre: Meetup-ean, guztiz irekia den zerrendan, izena ematea baino ez dago. Taldea mistoa da eta edonork hartu dezake parte, baina antolatzaile guztiak emakumeak edo genero minoritarioekin identifikatzen diren pertsonak dira. Antolatzaile gisa, ez dugu guk soilik ekintzak erabaki nahi, espazio parte-hartzailea da eta zerrendan dauden pertsonek tailerrak eta landu nahi dituzten gaiak proposatu ditzakete.

R-Ladies Bilbao, komunitate anitza jakintza R-n partekatzeko

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *