“Komunitate guztiek adituak dira euren bizitzetan”, Talde-kontakizun bat egonaldia

Zenbait astetan zehar, Laura Latorre Hernando hezitzaile eta narrazio-terapeutak eta Guillermo Vera Idoate soziologoak narrazio-jardunbidearen metodologian oinarritutako akonpainamendu prozesua egin diote Wikitoki komunitateari. Terapia pedagogiko eta komunitario hau pertsonen gaitasunak eta jakintzak biltzean datza, euren ahotsen bidez, ondoren, horietaz abiatuz ez-fikziozko literatura kontakizuna sortzeko. Prozesuaren emaitza Talde-kontakizuna argitalpenean bildu da.

Zertan datza kontakizun-jardunbidea?

Laura: Laguntza terapeutiko, pedagogiko eta komunitario modua da, Michael White antropologoak eta David Epston gizarte-langileak sortutakoa, pertsonak laguntzen duten jardunbideaz abiatuz. Oinarrizko ideia zera da: guztiok adituak garela gure bizitzetan eta gai garela gure istorioak kontatzeko, baina gure burua baldintzatzen duten zenbait giza- eta kultura-istorio menderatzaile daudela. Besteak beste, ondorengoez abiatzen da ere: gure esperientzia beti politikoa izateaz, pertsonen arazoak banakakoak ez izateaz, sozialak ordea. Gainera, arreta handia jartzen du botere-egituretan.

Metodologia hau komunitate batean erabiltzeari dagokionez, komunitatea osatzen duten pertsonen prozesuak laguntzean datza, pertsona horiek euren bizitzetan aditutzat eta euren istorioa kontatzeko gaitzat hartuta. Eurek egituratzen dute kontakizuna, euren gaitasunetan zein ezagutzetan oinarritutako istorio alternatiboak sortuz.

Zer bilatzen da prozesu hauekin?

Laura: Galderen eta entzutearen bidez, komunitateak laguntzen ditugu euren istorioetan sakondu eta ikertu dezaten, askotan ikusezinak direnak, gertatu arren aipatzen ez diren gauzak daudelako, hitzak jartzen ez direlako. Laguntzaren helburua da komunitateak gai izatea istorio ezkutu horiek kontatzeko eta hori lagungarria izatea euren bizitzen aldaketak sortzeko eta eurentzat garrantzitsuak diren kontuetara gerturatzeko.

Narrazio-jardunbideak egiazko entzutea erabiltzen du, zer da hori?

Laura: Laguntza hauetan pertsonen ahotsak biltzen dituzten testuak sortzen dira, beti ere espresatzeko moduak eta erabilitako hitzak errespetatzen dituztenak. Horretan oinarritzen da egiazko entzutea, pertsonak esaten duena itzultzen edo interpretatzen ez saiatzean, entzutean ordea. Terapia psikologiko batzuetan profesionala, zure hitzak bere ezagutzekin interpretatzen dituena eta sentitzen duzuna esaten dizuna, aditutzat hartzen bada, narrazio-terapian guztiz kontrakoa izango litzateke. Ez da interpretatzen, ez da epaitzen, entzun eta laguntzen da bertatik hobeto sentiaraziko dioten lekutara hel dadin.

Metodologia hori erabili duzue Wikitoki komunitatearekin esperimentatzean, nolakoa izan da prozesua?

Guillermo: Zenbait bisita egin genituen espaziora. Hasteko, Wikitoki osatzen duten zirkuluen pertsonekin hasierako harremana eta bilerak izan genituen euren interesak zeintzuk ziren jakiteko, narrazio-jardunbidean komunitateak prozesuaz atera nahi duena funtsezkoa delako. Hortik aurrera, eta interes horietan oinarrituta, banakako elkarrizketak egin genituen eta komunitatearen zenbait bileretara begirale gisa joan gineneuren dinamikak zeintzuk ziren ikusteko. Era berean, banakako elkarrizketetan sarri agertzen ziren bi gaien inguruan eztabaida-taldeak izan genituen: boterearen ideia eta bizitza erdian jartzearen kontua. Eztabaida horietatik kontu interesgarri ugari atera ziren. Azkenik, Wikitokiko Auzolan bat ikusteko aukera izan genuen. Esperientzia benetan polita izan zen, komunitatearen jardunbideak eta elkarri eragiteko moduak ulertzen lagundu gintuen.

Eta hori guztia Wikitokiri buruzko kontakizun bihurtu da…

Guillermo: Bai, ez-fikziozko literatura kontakizunaren idazketarekin jarraitu zuen prozesuak. Istorioan, egiazkoak ez diren eszenak asmatu genituen, baina agertzen diren hitzak badira Wikitoki osatzen duten pertsonenak eta kontatu digutena adierazten dute.

Laura: Idazketa prozesuan, hitzez-hitz hartu genituen hitzak ahotsa desberdinak islatzeko. Asmoa ez da idealizatzea, ordea, komunitatean dagoen aniztasuna eta konplexutasuna erakustea, mundu guztiak ez duelako gauza bera pentsatzen. Ez-fikziozko literatura kontakizun hori egin genuen Wikitoki osatzen duten pertsonen bizipenak azalarazteko. Helburua da aniztasun hori jasotzea, euren jakintzak eta gaitasunak dokumentatzeko. Gainera, uste dugu emaitza beste pertsonentzat edo komunitateentzat baliagarria izan daitekeela. Talde-antolakuntzaren zailtasunen zein ikaskuntzen inguruko hausnarketa ugari sortu dira; hortaz, uste dugu erabilgarria izan daitekeela prozesu hauek partekatzen dituztenentzat. Hori ere zen egonaldiaren helburuetako bat.

Guillermo: Alde polita bat dago, oraindik burutu ezin izan duguna; hain zuzen ere, jendaurreko ospakizuna, irakurketa gisa. Komunitatera egiteke dagoen itzulkina da eta guretzat garrantzitsua dena prozesuari itxiera emateko.

Talde-kontakizun bat 2019an Wikirikin, Wikitokik eskaintzen dituen elkarlaneko proiektuentzako egonaldietan, hautatutako proiektuetako bat da.

Info gehiago: Talde-kontakizun bat Egonaldia. Prozesua eta emaitzak

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *