Kolektiboan antolatzeko egonaldia – Arterra

Urteak daramagu kolektiboan antolatzen, hainbat elkarte, aktibismo talde, kooperatiba eta mugimendu sozialetan parte hartzen. Kolektiboan antolatzen, guk esaten diogun “horizontaltasunaren” bitartez, erabakiak hartzeko eredu bertikalak atzean utzi nahian. Bide horretan, gutako batzuk ohartu gara ez garela guztiz moldatu, edo iruditzen zaigu ez dela erabat biribila izan nolabait; batzuetan inplikazio maila ezberdinak daudelako eta, beraz, beti dagoelako zama handiagoa hartzen duenik, edo erabakiak bueltaka eta bueltaka dabiltzalako non bukatzen duten jakin gabe, edo iruditzen zaigulako batzuk “oso antzekoak” garela eta badirela besteen gainetik dauden ahotsak…
Zirkuluaren laukitzea-edo bilatzen ari gara oraindik: elkarrekin hartu nahi ditugu erabakiak, baina dena erabaki gabe; elkarrekin erabaki, baina erabaki hainbeste zailtasunik gabe; eragina izateko eta ekiteko ahalmena handitu nahi dugu, baina ezabatu nahi dugun eredu hierarkikoa errepikatu gabe.

Eta esku artean dugun erronka honetan, gutako batzuk boterea banatzeko modu bat lantzen ari gara, soziokrazia. Eta Wikitoki ere kolektiboan antolatzeko bide berrien bila zebilen egonaldi hau aurkeztu zitzaigun garaian.

Hortaz, gure ikasketak eta aurrerapausoak partekatzea erabaki genuen, eta egonaldiaren bitartez, Wikitokiri soziokraziaren pean gobernatzeko aukera emango genion eta trantsizio prozesu horren ildoak zehaztuko genituen.

Zehazki, hauek ziren prozesuaren amaierarako genituen helburuak:
✔ norberak gobernu soziokratikoaren eredua ezagutzea
✔ informazio gehiago izatea nork bere kolektiboaren errealitateari buruz
✔ antolaketa soziokratikoaren zenbait tresnarekin trebatzea, horren gainean eztabaidatu ahal izateko
✔ gobernu eredu horretara heltzeko trantsizio-prozesua imajinatu ahal izatea
✔ elkartean zenbait aldaketa egiteko oinarriak finkatu ahal izatea

Eta hori guztia lortu ahal izateko, zenbait bilera egin ditugu sustapen taldearekin, aurretik egindako lana (ugaria eta aberatsa) ikuskatu dugu eta bi lantegi garatu ditugu:

Lehenengo lantegian:
– soziokraziaren oinarriak ezagutu genituen
– elkartearen gaur eguneko egoera aztertu genuen, bai eta desiratutako egoera eta elkarteak dituen frenoak eta motorrak ere.
– erabakiak aho batez hartzeko modua ezagutu genuen
– erabakiak hartzeko praktika zehatza egin genuen

Denbora igaro ondoren, bigarren lantegi bat egin genuen, eta bertan:
– kolektiboaren jarduera eusten duten zereginak eta ekintzak ikuskatu, eta hiru arlotan sailkatu genituen: ekintza, harremana eta orientazioa (ikuspegi-helburua)
– egitura soziokratikoaren proposamen jakin bat aurkeztu genuen Wikitokin, aldez aurretik eta azken saioan bildutako informazioarekin
– taldeak feedbacka eman zion proposamenari
– rolak hautatzeko hauteskundeak egiten ikasi genuen (eredu soziokratikoaren arabera, hautagairik gabeko hauteskundeak)
– metodologia hori jarraituz, rol bat hautatzeko hauteskundeak egin genituen
– eta gaur eguneko eredutik proposatutako eredura igarotzeko eman beharreko pausuez mintzatu ginen

Eta badirudi indarrak eta gogoak bildu direla apurka-apurka soziokraziaren inguruko esperimentu-esperientzia bat egiteko Wikitokin, Wikikrazia dei geniezaioke? Elkarte bakoitzak bere bideak bilatzeko aukera izango du, besteokin partekatu eta, bide batez, ekarpenak egin ibiltzen ari garen bide honi, hau da, botere kolektiboaren bitartez errealitatea eraldatzeko bideari.

 

Ana Pérez eta Mauge Cañada-Arterra.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *