Euskara Auzolana WikiToki-n

Wikitoki-n Euskarari buruzko hausnarketa eta ekintza prozesua martxan jarri dugu, WikiTokin euskararen erabilera sustatu eta barne-dinamiketan espazio gehiago izateko asmoz. Prozesu hau abiatzeko Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izan genuen Urriaren hasieran eta ondorengo lerroetan Elhuyarrek berak aurkezten dizkigu goiz batez Auzolanean egindakoak.


Urriaren hasieran Wikitoki Elkarsorkuntzarako Laborategian izan gara Elhuyar Aholkularitzako 3 teknikari, euskararen auzolana bideratzen. Auzolan honen bitartez, elkarteko hizkuntza-dinamikari buruzko gogoeta abiatu nahi izan dute elkarteko kideek. Izan ere, elkartean aniztasuna da nagusi euskararen ezagutza, erabilera eta motibazioari dagokionez: kide batzuk euskaraz badakite, egunerokoan euskara hein batean erabiltzen dute eta erabilera hori areagotzeko urratsak egin nahi dituzte; beste kide batzuk euskara ulertzen dute, baina ez dute hitz egiten; beste batzuk ikasten ari dira; badira euskara ulertzen ez dutenak; bertakoak, kanpotik denboraldi baterako etorritakoak…
Norbere bizipen eta ikuspegiak mahai gainean jarri eta aurrera begira euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko bidea urratzen hasteko abiapuntua izan da auzolana. Saioaren helburuak honakoak izan dira:
Helburu nagusia: WikiTokin hizkuntzen elkarbizitzaren arteko gogoeta abiatzea eta elkarlanean aurrera begira euskararen presentzia eta erabilera indartzeko oinarriak lantzea.

Helburu zehatzak:

  • Elkarteko kideen hizkuntza-esperientziez, bizipenez eta ikuspegiez jabetzea (horiek ezagutzea, ulertzea eta elkarrengana hurbiltzea).
  • Hizkuntza-ekologiaren oinarriak ezagutzea, aurrera begira jarrera eta portaera berriak garatzeko oinarriak landuz.
    Wikitokiko hizkuntza-dinamikan eragiteko urratsak zehaztea.
  • Konpromiso pertsonalak hartzea.

EkoLinguA eztabaida-jokoa izan da saioaren ardatza. EkoLinguA hizkuntza-ekologiaren jakintzan oinarritutako karta-jokoa da. Bere helburua da jokalariak hizkuntzaren inguruan solasean jartzea, bizipenak eta ikuspenak partekatzea eta aurrera begirako ondorioak eta proposamenak lantzea. Hiztun-arketipo desberdinen inguruko istorioetatik abiatzen da jokoa eta horiek hizkuntza-ekologiaren kontzeptu eta eztabaidagai gakoekin uztartzeko eskatzen zaie jokalariei. Ondoren, eztabaidari ekiten zaio. EkoLinguA solas-jokoa euskaraz eta gaztelaniaz dago, eta sarean eskuragarri dago jokoa bera nahiz gida metodologikoa, ondorengo helbidean: http://www.soziolinguistika.eus/ekolingua

Hiru talde osatu ditugu EkoLinguA jokoa bideratzeko. Horietako batek euskaraz lan egin du eta beste biek gaztelaniaz. Ordu eta erdiz euskararekiko bizipenak, ikuspegiak eta iritziak partekatu ditugu. Hizkuntzekiko harremanetan emozioek pisu handia dutela azaleratu da, eta horrela gertatzen da euskararen kasuan ere: Wikitokiko kideek euskararekiko bizipen, ikuspegi eta emozio desberdinak dituzte eta horrek eragina du eguneroko hizkuntza-dinamikan.

Hainbat gairen inguruan jardun dugu, maila orokorrekoak batzuk, Wikitokiko errealitateari lotuagoak beste batzuk: euskara ikasteko dauden baliabideak, motibazioak, zailtasunak eta aukerak; kanpokoek talde bateko hizkuntza-dinamikan izan ohi duten eragina; euskara ulertzen ez dutenen sentipenak euskarazko dinamiken aurrean; euskara eta euskal kultura gozamen-iturri moduan bizitzeko aukera; lan-sektorearen arabera, euskaraz jakiteko presioa desberdina izatea;…

Wikitokira etorrita, bertako kideek uste dute euskara presente dagoela elkartean eta hainbat eremutan erabiltzen dela, batez ere harreman informaletan, kanpo-komunikazioan edo laneko espazio txikietan. Baina gehiago egin daiteke. Izan ere, euskal hiztunen arteko harreman batzuk euskaraz garatzen dira eta beste batzuk gaztelaniaz, konplizitatearen edo kideen artean dauden “akordio inplizituen” arabera. Oro har, zailtasunen aurrean gaztelaniara jotzeko ohitura dago, batez ere laneko kontuetan. Halaber, ekimen batzuetan hizkuntzaren gaia ez da kontuan hartzen, eta automatikoki gaztelaniaz egiten da, euskaraz egiteko aukerarik dagoen edo ez aztertu gabe.
Aurrera begira, gaia lantzen jarraitzea beharrezkoa dela ondorioztatu da, euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko urratsak egin daitezkeela eta Wikitoki hizkuntzaren alorrean ere bide berriak jorratzeko esperimentazio-gune izan daitekeela.

Saioari amaiera emateko, aurrera begirako proposamen eta konpromisoak zehaztu dituzte Wikitokiko kideek eta horiek lehenesteko eta hurrengo urratsak proposatzeko lantalde bat izendatu dute.

3 thoughts on “Euskara Auzolana WikiToki-n

  • February 22, 2016 at 11:42 am
    Permalink

    Egun on,

    Ekitaldi hau ezagutu berri dut eta horren inguruan gehiago jakitea eta parte hartzeko aukerarik badagoen jakin nahi nuke.

    Mila esker,

    Txema

    Tf.zbk. 600927065

    Reply
    • March 8, 2016 at 4:36 pm
      Permalink

      Kaixo Txema,

      Euskarari buruzko auzolan hau WikiToki barruan euskararen egoera aztertu eta sustatzeko egin genuen. Berez, elkarteari bideratuta zegoenez, elkarteakideok parte hartu genuen saioan; baina ziur esperientzia beste talde batzuentzat ere interesgarria izan daitekeela.

      Zehazki, zertan parte hartu nahi zenuke? saioaren emaitzei buruz gehiago jakin nahi? Nahi baduzu, telefonoz argituko dugu.

      Reply
  • Pingback: RESIDENCIAS de COLABORACIÓN WIKITOKI 2018 – Wikitoki

Leave a Reply to Ttipi Studio Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *