Wikitokirako hosta bilatzen ari gara. Interesatzen zaizu? Bestela, baliteke zure lagunen bati interesatzea.

Wikitoki elkarsorkuntza laborategi bat gara, eta Bilboko San Frantzisko auzoan gaude. Hainbat agente profesionalok osatzen dugu elkartea, eta gure lanak hainbat esparru jorratzen ditu, esaterako, parte-hartzea, diseinua, hirigintza, komunikazioa, arteak, bitartekaritza, teknologiak, izaera komunitarioa, gizarte-berrikuntza, ekonomia solidarioa… Horretarako, lankidetza, mutualismoak edo testuinguruarekiko harremanak bultzatzen ditugu.

Une honetan, Wikitokin host lanak egingo dituen pertsona baten bila gabiltza. Horregatik, hautaketa eta kontratazio prozesu hau abiatu dugu.  

Baina… zer da host izatea?

Hostak Wikitokiko eguneroko eta oinarrizko funtzionamendua zaintzen du. Alde batetik, zutabe finko bat dago, Wikitokiko kudeaketa eta administrazioa biltzen duena, eta bestetik, zutabe aldakor bat, hau da, harremanak, dinamizazioa, komunikazioa eta beste zenbait funtziorekin. Zereginak hauek dira:

  • Elkartearen kudeaketa eta administrazioa (ordainketetatik hasi, eta barne-informazioaren kudeaketaraino, eta tartean, besteak beste, kontuak aurkeztea, betekizun administratiboak egunean-egunean betetzea eta hornitzaileak kudeatzea).
  • Baliabide eta aukera berriak bilatzea eta kudeatzea, Wikitokiren jasangarritasuna eta garapena sustatze aldera.
  • Hitzarmenak, diru-laguntzak edo bestelako kontratuak aurkeztea eta justifikatzea.
  • Wikitokiko azpiegiturak eta baliabide komunak zaintzea.
  • Bertoko komunitateko harremanez eta dinamizazioarekin loturiko zereginez arduratzea.
  • Kanpo-harremanak kudeatzea eta koordinatzea.
  • Proiektu eta jarduera propioen idazkaritza teknikoa eta kanpoko jardueren harrera bere gain hartzea.   
  • Parte-hartzaile berriei eta bisitariei harrera egitea.
  • Komunikazioarekin lotutako zereginak egitea (baliabide digitalen eta sare sozialen bitartez).
  • Beste batzuk.

Zer bilatzen dugu?

Pertsona txukuna eta, aldi berean, ausarta (jakin-minarekin eta harremanetarako gaitasunarekin). Antolatzeko, sailkatzeko, egituratzeko eta hartutako konpromisoei eguneroko jarraipena egiteko gaitasunarekin. Wikitokiko fluxua modu produktiboan zuzentzen lagunduko digun norbait. Ez dugu prestakuntza zehatza bilatzen, aipatutako zereginetan trebetasuna duen norbait baizik, hau bezalako proiektuekiko interesarekin. Izaera proaktiboa eta polibalentea duen hautagaia. Wikitokiren garapenarekin konprometituko dena, eta, aldi berean, bere ibilbide profesionala garatzeko aukera ikusten duena eskaintza honetan.

Oinarrizko baldintzak

  • Lan eskarmentua edo ezagutza izatea aurretik aipatutako jarduera eta funtzioetan.
  • Gaztelania eta euskara menderatzea.
  • Ofimatika-tresnak eta komunikazio digitaleko tresnak ezagutzea: office paketea, helbide elektronikoa, wordpress, sare sozialak, hodeiko tresnak…
  • Harremanetarako eta komunikatzeko gaitasuna izatea.
  • Proaktiboa eta autonomoa izatea lanean.
  • Talde-lanerako gaitasuna izatea.

Kontuan hartuko da

  • Laneko zereginekin lotutako prestakuntza arautua eta ez-arautua.
  • Bestelako hizkuntzak (ingelesa, frantsesa…).
  • Aldez aurretik Wikitoki edota bertako kide diren agenteak ezagutzea.
  • Lana aberastu dezaketen bestelako esperientziak.
  • Harremana izatea ingurune kulturalarekin, sozialarekin, ESSarekin…
  • Software libreko tresnak erabiltzen jakitea.
  • Diseinu-, argazki-, bideo-programak erabiltzea.
  • Gida baimena izatea.

Lan-baldintzak

  • Lan-kontratua (6 hilabeterainoko froga-epea, eta urrats hori igarotzen bada, kontratazio mugagabea).
  • Lanaldi osoko kontratua (baliteke salbuespena egitea eta lanaldi murriztuagoa adosteko aukera egotea).
  • Soldata gordina: 1.500€ hilean, aparteko pagen hainbanaketa barne.
  • Lan ordutegia: 9:00-14:00 eta 15:00-18:00 (ordutegia moldatzeko aukera, aparteko jarduerak dauden kasuetan).
  • Lantokia: Wikitokiren egoitza (Harrobi Plaza, 5 – 2. 48003 Bilbo).
  • Lanean hasteko data: berehala.

Prozedura

Wikitokitik proposatzen dugun eskaintza hau erakargarria iruditzen bazaizu eta gurekin lan egiten ikusten baduzu zure burua, bidali mezu elektroniko bat eta aurkez zaitez hautagai urriaren 18a baino lehenago.
Hartzailea: info@wikitoki.org
Gaia: “Izen-abizenak / Candidatura host Wikitoki”

Mezu elektroniko horretan, zure curriculumarekin batera (ohiko formatuan), pdf formatuko dokumentu bat bidali, mesedez, honako galderen erantzunarekin:

  • Wikitoki ezagutzen al zenuen deialdi hau ezagutu aurretik? Zein izan da interesgarrien iruditu zaizun ezaugarri edo alderdia? Aipatutako ezaugarrietatik, zeintzuk dira zure izaerarekin hoberen bat datozenak? (200 hitz gehienez).
  • Zerk bultzatu zaitu Wikitokiko host izateko deialdi honetan parte hartzera? (100 hitz gehienez).
  • Zeintzuk dira zure gaitasun nagusiak lanpostu honi dagokionez?
  • Zure ustez, zein da emateko duzun baliorik nagusiena? (100 hitz gehienez).
  • Azaldu, mesedez, aurretik izan duzun lanposturen bat, Wikitokiko lanpostuaren zereginekin zerikusirik handiena duena (100 hitz gehienez).
  • Azaldu, labur, nola imajinatzen duzun lana (egun bat Wikitokin adibidez). (200 hitz gehienez).
  • Bestelakorik, nahi baduzu (100 hitz gehienez).

Prozedura honen baldintzak eta formatuak betetzen ez dituzten hautagaiak baztertu egingo dira eta ez dira kontuan hartuko.  
Edozein zalantza argitu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan helbide honen bitartez: info@wikitoki.org. Gaia: “Consulta contratación host Wikitoki”.

Epeak

  • Hautagaiak aurkezteko epea 2018ko urriaren 18ra arte dago zabalik (23:59ak arte).
  • Ondoren, aurre-hautaketa egingo dugu, bilatzen dugun profila hobekien betetzen duten hautagaiak hautatzeko, eta elkarrizketak egiten hasiko gara.
  • Kontratua 2018ko azaroaren 1ean, beranduenez, sartuko litzateke indarrean.

Azaldutako guztia erakargarria iruditu bazaizu eta hautaketa honetan parte hartzera animatzen bazara, baliteke zu izatea Wikitokirekin bat egingo duen hautagaia.
Hala bada… Laster arte!

LAN ESKAINTZA WIKITOKIN

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *